Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 31:16-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Bazenekiten beraiek izan zirela, Balaamek zirikaturik, israeldarrak Jaunaren aurka altxarazi zituztenak, Peorko hartan; horregatik, hain zuzen, gertatu zen izurria Jaunaren elkartearen aurka.

17. Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak;

18. utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak.

19. Eta zuek, norbait hil edo gorpuren bat ukitu duzuenok, zazpi egunez kanpalekutik aparte egongo zarete etxolaturik. Bai zuek, bai gatibuek, garbikuntza egingo duzue hirugarren eta zazpigarren egunetan.

20. Era berean, garbitu arropa guztia, baita larruzko gauzak, ahuntz-ilezko oihalak eta zurezko tresnak ere».

21. Guduan izandako soldadu guztiei esan zien Eleazar apaizak: «Hona hemen Jaunak Moisesi aginduriko legeak:

22. Urre, zilar, brontze, burdina, eztainu nahiz berun,

23. hau da, sua jasan dezakeen zernahi, sutan ezarri eta garbikuntzarako uretan sartuz garbituko duzue; sua jasan ezin duen guztia, berriz, uretan sartuko duzue.

24. Zazpigarren egunean arropak garbitu eta garbi geldituko zarete; ondoren, kanpalekuan sartu ahal izango zarete berriro».

25. Jaunak esan zion Moisesi:

26. «Atera, Eleazar apaizaren eta elkarteko familiaburuen laguntzarekin, harrapaturiko gizaki eta abereen kontua,

27. eta erdibanatu gudura borrokatzera joan direnen eta elkarte osoaren artean.

28. Horretatik guztitik, bereizi zati bat Jaunarentzat: gudura borrokatzera joan direnei dagokienetik, bostehuneko bat, bai gizakietatik, bai behi, asto nahiz ardietatik;

29. hartu zati hori eta eraman Eleazar apaizari Jaunarentzat eskaintza gisa.

30. Gainerako israeldarrei dagokienetik, berriz, hartu berrogeita hamarreko bat, bai gizakietatik, bai abere guztietatik —behi, asto nahiz ardietatik—, eta eman Jaunaren egoitzako zerbitzuaz arduratzen diren lebitarrei».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 31