Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 19:4-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Eleazar apaizak odoletik pixka bat hartu eta behatzez zazpi bider zirtatuko du elkarketa-etxolaren aurrealderantz.

5. Gero, behia erabat erreko dute apaizaren aurrean: larru, haragi, odol eta heste.

6. Berehala, apaizak zedro-zura, isipua eta purpura gorrimina hartu eta behia erretzen deneko sutara botako ditu.

7. Ondoren, arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta sar daiteke berriro kanpalekura; baina kutsaturik geldituko da arratsa arte.

8. Behia erre duena ere arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta kutsaturik geldituko arratsa arte.

9. Garbi dagoen beste norbaitek behiaren errautsak bildu eta, kanpalekutik aterata, leku garbi batean ezarriko ditu. Errauts hori erabiliko du israeldar elkarteak garbikuntzako ura prestatzeko. Ur horrekin eginiko garbikuntza-ohikuneak barkamen-opariaren balioa du.

10. Behiaren errautsak bildu dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Betiko lege izango da hau, bai israeldarrentzat, bai haien artean bizi den etorkinarentzat.

11. «Giza gorpuren bat ukitzen duena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

12. Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko; baina hirugarren eta zazpigarren egunean garbitzen ez bada, ez da garbi geldituko.

13. Giza gorpuren bat ukitu eta garbikuntzarik egiten ez duenak Jaunaren egoitza profanatzen du; beraz, bota egingo dute Israel herritik. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

14. «Hona norbait oihal-etxolan hiltzen denerako legea: barruan dauden eta hara sartzen diren guztiak kutsaturik geldituko dira zazpi egunez.

15. Irekita edo behar bezala estali gabe dauden ontzi guztiak ere kutsaturik geldituko dira.

16. «Landan dabilela, hila izan den nahiz berez hildako norbaiten gorpua edota giza hezurrak nahiz hilobia ukitzen dituena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 19