Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 19:12-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko; baina hirugarren eta zazpigarren egunean garbitzen ez bada, ez da garbi geldituko.

13. Giza gorpuren bat ukitu eta garbikuntzarik egiten ez duenak Jaunaren egoitza profanatzen du; beraz, bota egingo dute Israel herritik. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

14. «Hona norbait oihal-etxolan hiltzen denerako legea: barruan dauden eta hara sartzen diren guztiak kutsaturik geldituko dira zazpi egunez.

15. Irekita edo behar bezala estali gabe dauden ontzi guztiak ere kutsaturik geldituko dira.

16. «Landan dabilela, hila izan den nahiz berez hildako norbaiten gorpua edota giza hezurrak nahiz hilobia ukitzen dituena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

17. «Halako kutsadura gertatzean, barkamen-oparitzat eskainitako behiaren errautsetik pixka bat ontzi batean ipiniko dute eta iturburuko ura isuriko gainetik.

18. Ondoren, garbi dagoen norbaitek isipua hartu, uretan busti eta hartaz zipriztinduko ditu oihal-etxola, ontzi guztiak eta barruko lagunak; gauza bera egingo dio giza hezurrak edo hila izan denaren nahiz berez hildakoaren gorpua edota hilobia ukitu duenari ere.

19. Hirugarren eta zazpigarren egunean zipriztinduko du. Ondoren, kutsaturik zegoena arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta zazpigarren egunean, arratsaldean, garbi geldituko.

20. Kutsaturik egon eta garbikuntza egiten ez duena bota egingo dute elkartetik, Jaunaren santutegia profanatu baitu. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

21. «Betiko lege izango duzue hori. Garbikuntzako urez zipriztintzen duenak garbitu egingo du arropa. Garbikuntzako ura ukitzen duenari dagokionez, kutsaturik geldituko da arratsa arte.

22. Kutsaturiko gizonak ukitzen duen guztia kutsaturik geldituko da; kutsaturik dagoena ukitzen duena ere kutsaturik geldituko da arratsa arte».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 19