Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 19:10-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Behiaren errautsak bildu dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Betiko lege izango da hau, bai israeldarrentzat, bai haien artean bizi den etorkinarentzat.

11. «Giza gorpuren bat ukitzen duena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

12. Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko; baina hirugarren eta zazpigarren egunean garbitzen ez bada, ez da garbi geldituko.

13. Giza gorpuren bat ukitu eta garbikuntzarik egiten ez duenak Jaunaren egoitza profanatzen du; beraz, bota egingo dute Israel herritik. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

14. «Hona norbait oihal-etxolan hiltzen denerako legea: barruan dauden eta hara sartzen diren guztiak kutsaturik geldituko dira zazpi egunez.

15. Irekita edo behar bezala estali gabe dauden ontzi guztiak ere kutsaturik geldituko dira.

16. «Landan dabilela, hila izan den nahiz berez hildako norbaiten gorpua edota giza hezurrak nahiz hilobia ukitzen dituena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

17. «Halako kutsadura gertatzean, barkamen-oparitzat eskainitako behiaren errautsetik pixka bat ontzi batean ipiniko dute eta iturburuko ura isuriko gainetik.

18. Ondoren, garbi dagoen norbaitek isipua hartu, uretan busti eta hartaz zipriztinduko ditu oihal-etxola, ontzi guztiak eta barruko lagunak; gauza bera egingo dio giza hezurrak edo hila izan denaren nahiz berez hildakoaren gorpua edota hilobia ukitu duenari ere.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 19