Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 17:15-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Izurria bukatzean, elkarketa-etxolara, Moisesen ondora, itzuli zen Aaron.

16. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

17. «Esan israeldarrei ekartzeko leinu bakoitzeko makila bana, hamabi makila guztira. Leinuburuek ekarriko dituzte makilak, eta zuk leinuaren izena idatziko duzu makila bakoitzean;

18. Lebirenean Aaronen izena idatziko duzu, makila bakarra behar baita leinuburu bakoitzeko.

19. Elkarketa-etxolara eraman eta itun-agiriaren aurrean ezarriko dituzu, zuei elkartzen natzaizuen tokian.

20. Nik aukeraturiko gizonaren makila ernamuindu egingo da; horrela, behin betiko urrunduko ditut israeldarrek zuen aurka egiten dituzten marmarrak».

21. Moisesek israeldarrei hau guztia esan eta leinuburu guztiek makila bana eraman zuten, hamabi makila guztira. Haien artean zegoen Aaronena ere.

22. Moisesek itun-etxolan, Jaunaren aurrean, ezarri zituen.

23. Biharamunean, joan zen Moises itun-etxolara eta Lebiren leinuari zegokion Aaronen makila ernamuindua ikusi zuen: ernamuindua eta loratua zegoen eta almendra helduak zituen.

24. Orduan, Moisesek Jaunaren aurretik makilak atera eta israeldar guztiei erakutsi zizkien; denek ikusi zituzten, eta buruzagiek nork berea hartu zuten.

25. Jaunak esan zion Moisesi: «Ipini berriro Aaronen makila itun-agiriaren aurrean eta gorde bertan herri errebelde honentzat oharpen gisa. Horrela, bukatuko dira nire aurkako haien marmarrak, eta ez dira hilko».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 17