Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 16:16-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Moisesek esan zion Koreri: «Zu eta zure taldekoak aurkez zaitezte bihar Aaronekin batera Jaunaren aurrean.

17. Zure kide guztiek, nork bere errautsontzia hartu eta intsentsua ezarriz, Jaunaren aurrera eramango dituzte, berrehun eta berrogeita hamar errautsontzi guztira; zuk eta Aaronek ere, nork bere errautsontzia eramango duzue».

18. Hala egin zuten Kore eta taldekideek: nork bere errautsontzia hartu eta, sua eta intsentsua ipinirik, elkarketa-etxolaren sarreran jarri ziren. Han ziren Moises eta Aaron ere.

19. Korek israeldar elkarte osoa bildu zuen Moisesen eta Aaronen aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran. Jauna aintzaz beterik agertu zitzaion elkarte osoari.

20. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

21. «Alde talde horretatik, hor bertan galduko baititut!»

22. Haiek, lurreraino ahuspezturik, esan zuten: «Oi Jainko, izaki guztiei bizi-arnasa damaiezun Jainko, elkarte osoaren gain isuri behar ote duzu zeure haserrea gizon bakar baten bekatuagatik?»

23. Jaunak erantzun zion Moisesi:

24. «Esan elkarteari Kore, Datan eta Abiramen etxoletatik urruti gelditzeko».

25. Moises, Israelgo herri-arduradunak ondoren zituela, Datan eta Abiramengana joan zen.

26. Eta elkarteari esan zion: «Alde gizon gaizto horien etxola ingurutik eta ez ukitu horienik ezer, horien bekatuengatik zeuek ere gal ez zaitezten».

27. Herria urrundu egin zen Kore, Datan eta Abiramen etxola ingurutik. Datan eta Abiram beren etxolatik irten eta sarreran zeuden beren emazte eta seme-alabekin.

28. Moisesek esan zuen: «Orain izango duzue froga eta jakingo Jaunak bidali nauela egiteko hau burutzera, eta ez naizela neure kabuz ari.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 16