Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 15:6-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Oparigaia aharia bada, bi litro oliotan oraturiko zortzi kilo irin eskainiko ditu labore-oparitzat

7. eta bi litro ardo isur-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko du oparia.

8. Erre-opari edo sakrifizio gisa zekorra eskaintzen bada —promesen bat betetzeko nahiz elkartasun-oparitarako—,

9. hiru litro oliotan oraturiko hamabi kilo irin erantsiko dira,

10. eta beste hiru litro ardo isur-oparitarako. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

11. «Horrela egingo da zezen, ahari, arkume nahiz antxume bakoitzeko.

12. Nolanahikoa izanik ere eskainitako abere-kopurua, abere bakoitzeko dagokion labore- eta isur-oparia egingo da.

13. Arau hauek beteko dituzte israeldarrek, Jaunak atseginez onartuko dituen opariak egitean.

14. Eta gauza bera zuen artean bizi den edo etorkizunean biziko den etorkinak ere: Jaunak atseginez onartzen dituen opariak egin nahi baditu, zuek bezala egingo du.

15. Lege bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen elkartean parte hartzen duten etorkinek. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun Jaunaren aurrean.

16. Lege eta ohikune bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen artean bizi den etorkinak».

17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18. «Esan israeldarrei: Eraman behar zaituztedan lurraldera iritsi

19. eta hango ogia jatean, zati bat bereizi eta Jaunari eskainiko diozue.

20. Ogia erretzean, labealdi bakoitzeko opil bat eskainiko diozue hasikin gisa, uzta-sasoian lehen fruituak eskaintzen dituzuen bezala.

21. Belaunez belaun egingo diozue Jaunari labeko lehen ogien eskaintza.

22-23. «Agindu hauek guztiak, Jaunak Moisesi adieraziak eta haren bidez zuei emanak, indarrean daude aldarrikatu zirenetik eta hala egongo dira aurrerantzean ere zuen ondorengo belaunaldi guztientzat. Horiek horrela, eman dezagun, oharkabean bete gabe uzten duzuela agindu horietako bat.

24. «Oharkabean huts egin duena elkartea bada, zekor bat eskainiko du erre-oparitzat, ohiko labore-opari eta isur-opariekin batera, eta aker bat barkamen-oparitzat. Nik atseginez onartuko dut oparia.

25. Apaizak israeldar elkarte osoaren alde barkamen-ohikunea egingo du, eta barkatua izango du elkarteak bekatua; izan ere, oharkabean huts egin dute eta opariak eskaini dizkidate nire ohorez erretzeko eta beren oharkabeko erruaren barkamenerako.

26. Israeldar elkarte osoari eta haien artean bizi diren etorkinei emango diet barkamena, elkarte osoa izan baita oharkabean huts egin duena.

27. «Oharkabean huts egin duena herritar bakar bat bada, urtebeteko ahuntza eskainiko du barkamen-oparitzat.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 15