Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 14:5-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Moises eta Aaron lurreraino ahuspeztu ziren israeldar elkarte osoaren aurrean.

6. Nunen seme Josuek eta Jefuneren seme Kalebek, lurraldea ikertzen ibilitako taldekoek, jantziak urratu zituzten, nahigabeturik,

7. eta esan zieten israeldar guztiei: «Ikertzen ibili garen lurraldea aparta da!

8. Jauna aldeko badugu, hara eramango gaitu eta emango digu. Esnea eta eztia darizkion lurraldea da.

9. Baina ez zaitezte Jaunaren aurka errebelatu! Ez izan lurralde hartako jendearen beldur, ogia bezala irentsiko baititugu. Urrundu egin zaie beren jainkoen geriza; guk, berriz, geurekin dugu Jauna. Ez izan beldur!»

10. Halere, israeldar elkarteak bi haiek harrikatzeko asmoak zerabiltzan; hartan, Jauna aintzaz beterik agertu zitzaien israeldar guztiei elkarketa-etxolaren gainetik.

11. Jaunak esan zion Moisesi:—Noiz arte jarraitu behar ote du herri honek ni mespretxatzen? Noiz arte bizi behar ote du nitaz fidatzen ez dela, beronen aurrean hainbat mirari egin arren?

12. Izurriz joko ditut eta lurralde-ondarea kenduko, eta horiek baino herri handi eta ahaltsuagoa sorraraziko dut zuregandik.

13. Baina Moisesek erantzun zion Jaunari:—Egiptoarrek badakite zeure ahalmenaz atera duzula herri hau beraien artetik,

14. eta halaxe kontatu diete Kanaan lurraldekoei. Hauek ere badakite zu gure herriaren erdian bizi zarela eta aurrez aurre ematen zatzaizkiola ikustera, zeuk babesten eta gidatzen duzula, egun-argiz laino-adarrean, gauez su-adarrean.

15. Bat-batean herri hau hilarazten baduzu, zure ospearen berri duten atzerritarrek esango dute:

16. «Jauna ez da gauza izan hitzeman zion lurraldera herri hau eramateko; horregatik sarraskitu ditu basamortuan».

17. Beraz, Jauna, erakutsi orain zeure ahalmena, honela hitzeman baitzenigun:

18. «Jauna, haserregaitza eta onginahiz betea, gaiztakeria eta errebeldia barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen duena hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».

19. Zeure maitasun neurrigabeari dagokionez, barkatu herri honi bere gaiztakeria, Egiptotik honaino halako eroapena agertu diozunez gero.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 14