Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 14:32-43 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

32. Zuen gorpuak, berriz, basamortu honetan geldituko dira;

33. zuen seme-alabak harat-honat ibiliko dira basamortuan berrogei urtez, zuek guztiok hil arte. Horrela, zuen desleialkeriaren ondorenak jasan beharko dituzte.

34. Lurraldea ikertzen berrogei egun eman bazenituzten, berrogei urte eman beharko dituzue zeuen erruak ordaintzen: eguneko urtea. Horrela ikasiko duzue zer dakarren niri aurka egiteak.

35. Nik, Jaun honek, zin dagit. Hala tratatuko dut nire aurka bat etorri den zorigaiztoko elkarte hau: basamortuan akituko dira eta hilko».

36. Moisesek lurraldea ikertzera bidali eta itzuleran, lurraldeaz gaizki-esaka jardunez, haren kontra elkartea berotu zutenak

37. heriotza ikaragarriz hilarazi zituen Jaunak, lurraldeari izen txarra jarri ziotelako.

38. Lurraldea ikertzera joan zirenetarik, Nunen seme Josue eta Jefuneren seme Kaleb bakarrik gelditu ziren bizirik.

39. Moisesek Jaunak erabakitakoa adierazi zienean, dolu handia egin zuten israeldarrek.

40. Biharamun goizean, israeldarrek mendialdera igo nahi zuten, esanez: «Bekatu egin dugu, bai! Baina orain prest gaude Jaunak esandako tokira joateko».

41. Moisesek esan zien: «Zertan ari zarete? Jaunaren aginduari ezentzun egiten diozue eta ez duzue arrakastarik izango.

42. Ez zaitezte joan, Jauna ez baita zuekin; etsaiek hondatu egingo zaituztete.

43. Aurrean zain dituzue amalektarrak eta kanaandarrak; haien ezpataz hilko zarete, utzi egin baituzue Jauna eta ez baitago jadanik zuekin».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 14