Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 13:21-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Joan ziren, bada, gizaseme haiek eta lurraldea ikertu zuten, Tzin basamortutik hasi eta Rehoberaino, Hamateko sarrera ondoraino.

22. Negevetik igo eta Hebronera iritsi ziren —Hebron Egiptoko Tanis baino zazpi urte lehenago eraikia zen—. Han bizi ziren Anaken ondorengo Ahiman, Xexai eta Talmai.

23. Exkol ibarrera heldurik, mahats-mordo bakarra zeukan aihen bat moztu eta haga batetik zintzilik biren artean eraman zuten. Granada eta pikuak ere hartu zituzten.

24. Ibarrari Exkol —hau da, «Mahats-mordo»— eman zioten izena, israeldarrek han moztu zuten mahats-mordoarengatik.

25. Berrogei egunez lurraldea ikertu ondoren, itzuli egin ziren

26. eta, Kadexera, Paran basamortura, iritsirik, Moises, Aaron eta israeldar elkarte osoarekin bildu ziren. Guztiaren berri eman eta lurralde hartako fruituak erakutsi zizkieten.

27. Txosten hau azaldu zioten Moisesi: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak!

28. Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu.

29. Negeveko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendialdean hitita, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak».

30. Kalebek, jendeak Moisesen aurka ziharduen zurrumurrua isilaraziz, esan zuen: «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta».

31. Baina harekin ikerketan joandakoek zioten: «Ez, ezin diegu eraso, gu baino indartsuagoak baitira».

32. Eta ikertutako lurraldea oso gaiztoa zela hasi ziren esaten israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garen lurraldeak bertako biztanleak irentsi egiten ditu, eta hango jende guztia ikaragarri handia da.

33. Erraldoiak, Anaken ondorengoak, ere ikusi ditugu. Haien aldean matxinsaltoak ematen genuen eta halaxe hartu gintuzten beraiek ere gu».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 13