Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 10:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunak esan zion Moisesi:

2. «Egin zilar landuzko bi turuta: elkartea biltzeko eta kanpalekua utzi eta abiatzeko seinalea emateko izango dira.

3. Bi turutak batera jotzean, herri osoa zuregana bilduko da, elkarketa-etxolaren sarreran.

4. Bat bakarra jotzean, Israelgo gudari-taldeen buruak bakarrik bilduko dira zuregana.

5. Turuta-hotsa irrintziz lagundua bada, lehenengo joaldian ekialdean etxolaturiko kanpamenduak abiatuko dira;

6. bigarrenean, hegoaldean etxolaturikoak. Irrintziz lagunduriko turuta-hotsa abiatzeko seinalea izango da;

7. irrintzi gabekoa, berriz, batzarrean biltzekoa.

8. Apaizek, Aaronen ondorengoek, izango dute turuta jotzeko kargua; betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

9. «Zeuen lurraldera iritsi ondoren erasoko dizueten etsaien kontra borrokatzera ateratzean, irrintziekin batera turutak joko dituzue. Horrela, Jauna, zuen Jainkoa, zuetaz oroituko da eta salbatu egingo zaituzte.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 10