Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14

Itun Zaharra

Itun Berria

Tobit 7 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Raguelen etxean

1. Ekbatanara heldu zirenean, Tobiasek esan zion lagunari:—Azarias ene adiskidea, eraman nazazu zuzen-zuzenean gure ahaide Raguelen etxera.Eta aingeruak Raguelen etxera eraman zuen Tobias. Raguel etxeko atarian eseria zegoen eta beraiek agurtu zuten lehenbizi. Raguelek erantzun zien:—Agur zuei ere, adiskideok. Ongi etorri!Gero, etxera sarrarazi zituen.

2. Eta esan zion bere emazte Ednari:—Mutil honek bai duela gure ahaide Tobiten antza!

3. Ednak galdegin zien:—Nongoak zarete, adiskideok?Haiek erantzun:—Neftaliren leinukoak gara, Ninivera erbesteratuak.

4. Andreak, berriro:—Ezagutzen al duzue gure ahaide Tobit?Eta haiek:—Bai, ezagutzen dugu.

5. Andreak galdegin zuen:—Nola dago?Haiek erantzun:—Ongi. Bizi da oraindik.Eta Tobiasek gehitu zuen:—Aita dut!

6. Orduan, Raguelek salto batean jaiki eta musu eman zion, negarrez. Gero, esan zion:—Bedeinkatua zu, ene seme! Jatorra eta ona duzu aita. Bai zoritxarra halako gizon zuzena, hainbeste limosna egin ohi zuena, itsu gelditzea!Eta bere ahaide Tobiasi lepotik helduz, negarrari eman zion.

7. Edna emaztea eta Sara alaba ere negarrez hasi ziren.

8. Gero, ahari bat hilarazi eta ongi hartu zituen.

Tobias eta Sararen ezteiak

9. Bainua hartu eta garbitu ondoren mahaian eseri zirenean, Tobiasek esan zion Rafaeli:—Azarias adiskidea, eskatu Ragueli eman diezadan Sara neure ahaidea.

10. Entzun zuen hori Raguelek eta esan zion gazteari:—Jan eta edan eta gau ona igaro! Zuri beste inori ez dagokio, ene senide, Sara nire alabarekin ezkontzea. Neuk ere ezin izango nioke beste inori eman, zu baitzaitut ahaiderik hurbilena. Baina, ene seme, egia osoa esan behar dizut:

11. Gure herritarren arteko zazpi gizonekin ezkondu zen eta denak hil ziren berorrengana hurbildu ziren gauean. Baina, tira, jan eta edan, seme, eta Jaunak lagunduko dizue.

12. Tobiasek, ordea, esan zuen:—Ez dut jango, ez edango deus ere, zuk arazoa erabaki arte.Raguelek erantzun zion:—Erabakiko dut, bada. Moisesen liburuak hala agintzen duenez, Jainkoak nahi du nik Sara zuri ematea. Hartzazu emaztetzat. Hemendik aurrera senar-emazte zarete. Zeurea duzu betiko. Zeruko Jaunak gau ona pasaraziko dizu, ene seme. Ager biezazue errukia eta bere bakea eman!

13. Raguelek bere alaba Sarari dei egin eta, etorri zenean, eskutik harturik, Tobiasi eman zion, esanez: «Hartzazu emaztetzat, legeak eta Moisesen liburuan datorren aginduak dioten bezala zuri eman behar baitizut. Hartzazu eta eraman onik zeure aitaren etxera. Zeruko Jainkoak gida zaitzatela bakean!»

14. Gero, Sararen amari dei egin eta idazteko zerbait ekar zezala agindu zion. Eta idatzi zuen ezkontza-agiria, Moisesen legearen arabera Sara Tobiasi emaztetzat ematen ziola adieraziz. Ondoren, jaten eta edaten hasi ziren.

15. Geroago, Raguelek bere emazte Ednari dei egin eta esan zion: «Ene emazte, presta ezazu beste gela eta eraman hara Sara».

16. Joan zen Edna eta, senarrak esan bezala gela prestatu zuenean, bertara eraman zuen alaba. Eta negarrez hasi zen harengatik. Malkoak xukatuz, esan zion alabari:

17. «Izan kemen, alaba! Zeruko Jainkoak bihur dezala poz zure nahigabea. Izan kemen, ene alaba!» Eta atera egin zen.