Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14

Itun Zaharra

Itun Berria

Tobit 10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Tobit eta Ana larriturik

1. Bitartean, joan-etorria egiteko behar ziren egunen kontua ateratzen zuen egunero Tobitek. Egunak igaro eta semea ageri ez zela ikusirik,

2. Tobitek zioen bere baitan: «Bertan geldiarazi ote dute? Beharbada, Gabael hila izango da eta ez dio dirua inork emango».

3. Eta larritzen hasi zen.

4. Anak, emazteak, zioen: «Hil egingo zen gure semea, honez gero ez da egongo bizion artean». Eta negar-zotinka hasi zen, esanez:

5. «Hau zoritxarra, seme! Zergatik utzi ote nizun joaten zuri, ene begien argia zinen horri?»

6. Tobitek esan zion:—Zaude isilik, ene emazte, ez larritu. Ongi izango da. Eragozpenen bat izango zuen han. Bidelaguna konfiantzazko gizona du, gure herritarra. Ez zaitez kezka, ene emazte. Laster dugu hemen.

7. Emazteak ihardetsi zion:—Ez esan horrelakorik, ez esan gezurrik niri! Gure semea hila da.Egunero bizi-bizi atera ohi zen Ana semeak hartutako bidera, semea zetorren ikustera, ez baitzion inori sinesten. Eguzkia gordetzean, etxera itzuli ohi zen zotinka eta gau osoa negarrez igaro ohi zuen, lo egin ezinik.

Tobias itzuli

8. Raguelek bere alabaren ezteiak ospatzeko zin eginez erabakitako hamalau egunak bete zirenean, Tobiasek esan zion:—Uztazu joaten! Badakit nire gurasoek galdua izango dutela ni berriro ikusteko itxaropena. Otoi, aita, uztazu neure aitarengana joaten. Esan nizun nolako egoeran utzi nuen.

9. Raguelek ihardetsi zion Tobiasi:—Geldi zaitez nirekin, seme. Mezulariak bidaliko dizkiot zuen aita Tobiti, zure berri ematera.Baina Tobiasek, berriro:—Ez, benetan. Uztazu, arren, aitarengana joaten.

10. Orduan, besterik gabe, Raguelek emaztea eta ondasunen erdia eman zizkion Tobiasi: morroi-neskameak, idi eta ardiak, asto eta gameluak, janzkiak, dirua eta beste zenbait gauza,

11. eta joaten utzi zien bozkarioz beterik. Tobiasi agur egin zion, esanez: «Ongi ibili, seme! Zeruko Jaunak gida zaitzatela zure emazte Sara eta biok, eta ikus ditzadala hil baino lehen zuen haurrak».

12. Eta bere alaba Sarari esan zion: «Zoaz aitaginarrebagana. Aurrerantzean haiek dituzu aita-ama, bizia eman dizugunok bezalaxe. Zoaz bakean, ene alaba, eta bizi naizen artean zutaz gauza onak entzun ditzadala». Ondoren, agurtu eta joaten utzi zien.

13. Ednak esan zion Tobiasi: «Seme eta senide maitea, gida zaitzala Jaunak etxera, eta bizi nadila Sara eta bion haurrak ikusteko adina! Jaunaren aurrean, zure ardurapean uzten dut gure alaba: ez ezazu nahigabetu zeure bizitza osoan. Ene seme, zoaz bakean! Aurrerantzean ama nauzu ni eta Sara emazte. Izan dezagula denok honelako zoriona bizitza osoan!» Ondoren, besarkatu zituen biak eta joaten utzi zien bozkarioz beterik.

14. Horrela, alai eta pozik abiatu zen Tobias Raguelen etxetik, zeruko eta lurreko Jauna, diren guztien Erregea, goretsiz, bidaia onik egitea eman ziolako. Raguelek esan zion: «Izan dezazula zeure gurasoak bizitza osoan ohoratzeko zoriona!»