Itun Zaharra

Itun Berria

Tobit 1:5-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Nire ahaide guztiek eta gure arbaso Neftaliren leinuak, ordea, Galileako mendi guztietan eskaini ohi zizkioten opariak Jeroboamek, Israelgo erregeak, Dan hirian egina zuen zekor-irudiari.

6. Maiz, ni bakarrik joaten nintzen Jerusalemera jaiegunetan, betiereko legez Israel osoari agindutakoa betez.Lehen fruituak, abereen lehen-kumeak, abereen hamarrenak eta lehenengo artilea harturik, Jerusalemera lehiaz joaten nintzen

7. eta Aaronen ondorengo diren apaizei ematen nien dena, aldarean eskaintzeko. Gari, ardo, oliba, granada, piku eta gainerako fruituen hamarrenak ere ematen nituen, Jerusalemen kultu-zerbitzua egiten zuten lebitarrentzat. Bigarren hamarrena, berriz, dirutan trukatu ohi nuen eta urtero Jerusalemen eralgitzen.

8. Hirugarren hamarrena umezurtzei, alargunei eta israeldarren artean bizi ziren arrotzei ematen nien. Horrela egin ohi nuen hiru urtez behin, eta elkarrekin otordua egin ohi genuen, hamarrenari buruz Moisesen legeak eta gure aitona Ananielen ama Deborak emandako arauak betez.Aita hil zitzaidan eta umezurtz gelditu nintzen.

9. Gizon bihurtzean, gure senitarteko emakume batekin, Anarekin, ezkondu nintzen; berarengandik semea izan nuen eta Tobias izena ezarri nion.

10. Asiriara erbesteratu nindutenean, Ninivera etorri nintzen. Nire senideek eta herritar guztiek jentilen janariak jaten zituzten, guretzat debekatuak izan arren.

11. Nik, ordea, ez nuen inola ere jaten jentilen janaririk.

12. Jainkoa beti oso gogoan nuenez,

13. Goi-goikoak Salmanasar erregearen begiko izatea eman zidan. Nik erosi ohi nuen erregeak behar zuen guztia.

14. Erregea hil zen arte, ni joaten nintzen Mediara, erregearentzat erosketak egitera. Eta hantxe utzi nituen behin zakutan, Gabriren anaia Gabaelen etxean, Mediako Rage hirian, hirurehun eta berrogei kilo zilar.

15. Salmanasar hiltzean, haren seme Senakerib izan zen errege. Orduan, Mediarako bideak arriskutsu bihurtu ziren eta ezin izan nintzen Mediara gehiago joan.

16. Salmanasarren garaian, erruki-egintza asko egin nien neure herritarrei:

17. gose zirenei neure ogia eman ohi nien eta biluzik zeudenei neure janzkiak. Eta neure herritarren baten gorpua Niniveko harresiez kanpora jaurtia ikusten banuen, lur ematen nion.

18. Behinola, garaitu egin zuten Senakerib Judean, zeruko Erregeak zigortu egin baitzuen hark esandako hainbeste biraorengatik. Amorruz beterik handik itzultzean, israeldar asko hilarazi zuen. Eta nik, hildako guztien gorpuak hartu eta lur eman nien. Senakeribek gorpu haien bila bidali zituen batzuk, baina alferrik.

19. Ninivetar batek, ordea, erregeagana joan eta ehorzketak nik egin nituela esan zion. Orduan, gorde egin nintzen. Gero, erregeak nire berri bazuela eta ni hiltzeko bila zebilela jakitean, beldurturik, ihes egin nuen.

Irakurri kapitulu osoa Tobit 1