Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4

Itun Zaharra

Itun Berria

Rut 3 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Rutek senarra aurkitu

1. Egun batez esan zion Noemik Ruti:—Ez ote dizut egokitu behar bizitzan zorioneko egingo zaituen etxerik?

2. Adizu, bere morroiekin lan egiten utzi dizun gizon hori, Booz delakoa, hurbileko ahaide dugu. Gaur arratsean garagarra garbitzen arituko da.

3. Txukundu, usain gozatu eta soinekorik ederrenaz jantzi zaitez. Zoaz gero, garagarra garbitzen ari den lekura. Ez bedi, ordea, zutaz ohartu jate-edatea bukatu arte.

4. Jakizu ongi non etzaten den lotarako. Eta lotara doanean, hurbil zakizkio, altxatu haren estalkia eta etzan haren oinetan. Hortik aurrera, berak adieraziko dizu zer egin.

5. Rutek erantzun:—Zuk esan guztia egingo dut.

6. Larrainera jaitsi zen Rut eta amaginarrebak gomendatua zehatz-mehatz egin zuen.

7. Booz, jan eta edan ondoren, umoretsu jarri zen, eta jarraian garagar-pila baten ondoan etzan zen lotarako. Rut isilka hurbildu, haren estalkia altxatu eta haren oinetan etzan zen.

8. Gauez, hotzak esnatu zen Booz; burua jaso eta horra non ikusten duen emakumea bere oinetan etzanik.

9. —Nor zaitut? —galdegin zion.Emakumeak erantzun:—Rut nauzu, zeure mirabea. Hurbileko ahaide zaitudanez, legez nitaz arduratu beharra duzu. Har nazazu, arren, emaztetzat.

10. Boozek, orduan:—Jaunak bedeinka zaitzala. Oraingoan lehen baino leialtasun handiagoa agertu diozu zeure amaginarrebaren familiari. Ez zara mutil gazte, txiro nahiz aberats, baten atzetik joan.

11. Ea, bada, ez izan beldur. Eskatuko didazun guztia eginen dut. Herrian jende guztiak daki emakume jatorra zarena.

12. Egiaz hurbileko ahaide nauzu eta legez zurekiko erantzukizuna dut. Baina bada hemen ni baino hurbilagokoa duzun ahaiderik.

13. Zaude hemen gaur gauean. Bihar goizean ikusiko dugu zurekiko ardura bere gain hartzen duen. Hala eginen balu, bejondeiola! Bestela, zin dagit Jaun biziarengatik, neure gain hartuko dudala zurekiko erantzukizuna. Etzan zaitez eta egizu lo egunsentia arte.

14. Hala, haren oinetan etzan zen egunsentia arte. Baina eguna zabaldu aurretik jaiki zen, inork ez ikusteko. Izan ere, Boozek ez zuen nahi, Rut han egona zela inork jakiterik.

15. Honela esan zion Boozek:—Ekarri zeure soingainekoa eta zabaldu.Hala egin zuen Rutek, eta Boozek hogeiren bat kilo garagar bota zizkion eta bizkarrean hartzen lagundu. Honela, herrira itzuli zen Rut bere zamarekin.

16. Amaginarrebaren etxera heldu zenean, honek galdegin zion:—Zer berri, alaba?Boozek beraren alde egindako guztia kontatu zion Rutek.

17. Eta beste hau ere esan zion:—Gainera, zuregana esku-hutsik ez itzultzeko esanez, garagar hau guztia eman dit.

18. Eta Noemik erantzun:—Orain, Rut, zaude lasai arazoa zer-nola bukatuko den jakin arte. Boozek ez du etsiko gaur bertan auzia erabaki arte.