Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4

Itun Zaharra

Itun Berria

Rut 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Elimelek eta bere familia Moaben

1. Epaileen garaian gosetea izan zen Israel herrian. Gauzak honela, han joan zen bizitzera Moab lurraldera, aldi baterako, Judako Belengo gizon bat bere emazte eta bi semeekin.

2. Gizon hari Elimelek zeritzan, emazteari Noemi eta semeei Mahlon eta Kilion. Efratar leinukoak ziren, Judako Belengoak. Moaben bizi zirelarik,

3. hil zitzaion Noemiri Elimelek bere senarra, eta bi semeekin bakarrik gelditu zen.

4. Hauek emakume moabdarrak hartu zituzten emazte: batak Orpa zuen izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren,

5. hil ziren Mahlon eta Kilion ere. Noemi, ez senar ez seme, bakarrik gelditu zen.

Noemi Belenera itzuli Rutekin

6. Gerora, Moab lurraldean zegoelarik, entzun zuen Noemik Jauna bere herriari aldeko agertu zitzaiola uzta ugaria emanez.

7. Hala, bere bi errainekin, Moab uzteko prestatu eta Judarantz abiatu ziren.

8. Baina, bidean, honela mintzatu zitzaien Noemi:—Tira, itzul zaitezte zeuen etxera, nor bere amarenera. On izan bekizue Jauna, zuek niretzat eta hildakoentzat on izan zareten bezala.

9. Jaunak eman biezazkizue beste senar eta etxe bana.Orduan, Noemik besarkatu egin zituen bere errainak, agurtzeko. Baina hauek, garrasika, negarrari eman zioten,

10. eta esan:—Ez! Zurekin joan nahi dugu zure herrira.

11. Noemik erantzun zien:—Itzul zaitezte, ene kutunok. Zergatik nahi duzue nirekin etorri? Honezkero izan ote dezaket nik beste semerik zuei senartzat emateko?

12. Itzul zaitezte, enetxook, zaharregia bainaiz ni berriro ezkontzeko; baina oraindik itxaropena izan eta, gaur gauean haurdun gelditurik, semerik izango banu ere,

13. haiek gizondu zain egon behar ote zenukete? Besteren batekin ezkontzeari uko egingo al zeniokete? Ez, ene kutunok, horrelakorik ez! Aurka jarri zait Jauna, eta zuei gertatuak nahigabeturik nauka.

14. Haiek berriz ere negarrari eman zioten garrasika. Orduan, Orpak bere amaginarreba besarkatu zuen eta bere herrira itzuli zen. Rut, ordea, amaginarrebarekin gelditu zen.

15. Noemik esan zion, orduan:—Hara, Rut, zure koinata bere herrira eta bere jainkoengana itzuli da. Zoaz zu ere harekin.

16. Baina Rutek erantzun zion:—Ez eskatu horrelakorik. Utzi zurekin joaten. Zeren zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere; zu non jarri bizitzen, hantxe jarriko naiz ni ere; zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere;

17. zu non hil, hantxe hilko naiz ni ere, eta hantxe ehortziko naute. Betorkit Jaunarengandik zigorrik latzena, heriotzak ez bestek zuregandik aldenduko banindu!

18. Rutek bere erabakia harturik zeukala ikusirik, amore eman zuen Noemik.

19. Eta Belenerantz abiatu ziren. Iristean, herri osoa asaldatu zen eta emakumeek hau zioten:—Noemi bera ote da hau?

20. Noemik erantzuten zien:—Ez deitu niri gehiago Noemi —zorioneko—, Mara —zoritxarreko— baizik, Jainko Ahaltsuak zoritxarrez bete bainau.

21. Asebeterik alde egin nuen hemendik; Jaunak, ordea, esku-hutsik itzularazi nau. Zergatik deitzen didazue oraindik ere Noemi, Jaun ahalguztiduna aurka jarri zaidanean eta honelako zoritxarra erakarri didanean?

22. Honela itzuli zen Noemi Moabetik Rut bere errain moabdarrarekin. Garagarra igitatzen hasteko garaian iritsi ziren Belenera.