Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 6:8-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Honela erantzun nion: «Diozun horretan ezertxo ere ez da egia; zeure kabuz sortutako asmakeria besterik ez da».

9. Beldurra sartu nahi ziguten, adorea galdu eta lana utziko genuen ustetan.«Eta orain, Jauna, sendotu nire asmoa!»

10. Egun batez, Mehetabelen iloba eta Delaiasen seme zen Xemaiasen etxera joan nintzen, berak etortzerik ez zuela eta. Hark esan zidan:—Bil gaitezen biok Jainkoaren etxean, tenplu barruan, eta itxi ditzagun ateak, etsaiak zu hiltzera baitatoz; gaur gauean bertan etorriko dira.

11. Erantzun nion:—Ni bezalako batek ez du ihes egiten. Eta naizena izanik, ez naiteke tenplura joan, bizirik ateratzeko; inolaz ere ez!

12. Izan ere, konturatu nintzen aholku hori ez zidala Jainkoak eraginik ematen, Tobiasek eta Sanbalatek erosita baizik.

13. Beldurra sartu nahi zidaten eta, hark esan bezala jokatuz, bekatua eragin. Horrela, belztu egingo zuten nire izena, eta neu lotsarazi.

14. «Gogoan izan, ene Jainko horrek, Tobiasek eta Sanbalatek egin didatena! Gogoan izan Noadias profetesa eta beldurra sartu nahi zidaten beste profetak ere!»

15. Harresia, Elul hilaren hogeita bostean bukatu zen, hasi eta berrogeita hamabi egunera.

16. Gure etsaiak eta inguruko herriak, hori jakin zutenean, zeharo harriturik gelditu ziren, eta lan hori gure Jainkoaren laguntzaz egina zela aitortu beharra izan zuten.

17. Baina, egun haietan ere, Judako handikiek eta Tobiasek gutun asko idatzi zioten elkarri.

18. Izan ere, jende asko zegoen Judan Tobiasekin hitzartua: Arahen seme Xekanias juduaren suhia baitzen Tobias eta honen seme Johanan Berekiasen seme Mexulamen alabarekin ezkondua baitzegoen.

19. Nire aurrean goraipatu egiten zuten gainera, eta nik esandakoak berari jakinarazten zizkioten. Tobiasek berak gutunak bidaltzen zizkidan, ni izutzeko.

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 6