Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 2 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Nehemiasek Jerusalemera itzultzeko baimena lortu

1. Behinola, Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean, Nisan hilean, erregeari ardoa zerbitzatzen ari nintzaiolarik, besteetan ez bezala triste nengoela ohartu zen.

2. Erregeak galdegin zidan:—Zergatik aurpegi ilun hori? Ez duzu gaixo-itxurarik; zerk nahigabetzen zaitu?Izugarri beldurtu nintzen,

3. eta erantzun nion:—Bizi bedi erregea! Nola ez egon nahigabeturik, nire gurasoak hilobiraturik dauden hiria hondatua dagoelarik, eta hango ateak suak kiskaliak?

4. Orduan, erregeak:—Zer eskatzen didazu, bada?Zeruetako Jainkoari otoitz egin ondoren,

5. erantzun nion:—Errege jauna, ongi baderitzozu eta begiko baldin banauzu, bidal nazazu Judara, nire gurasoak hilobiratuak dauden hirira, berriro eraiki dezadan.

6. Erregeak, erregina aldamenean eseria zuelarik, galdetu zidan:—Zenbat iraungo du zure joan-etorriak? Noiz itzuliko zara?Ontzat eman zuen erregeak jarri nion epea eta joaten utzi zidan.

7. Gero, esan nion:—Errege jauna, ongi baderitzozu, eman iezazkidazu agiriak Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernarientzat, Judarainoko bidea libre utz diezadaten,

8. eta beste agiri bat Asafentzat, erregearen basozainarentzat, zura eman diezadan, tenpluaren ondoko gotorlekuko eta hiriko harresietako ateak egin eta neure etxebizitza jasotzeko.Eskatutako guztia eman zidan erregeak, Jainkoa lagun bainuen.

9. Biderako gudari- eta zaldizko-talde bat ere eman zidan.Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariengana iritsi nintzenean, erregearen agiriak aurkeztu nizkien.

10. Baina Sanbalat horondarrak eta Tobias amondar funtzionarioak, zertara nentorren jakitean, oso gaizki hartu zuten israeldarren egoera ontzeko norbait etortzea.

Nehemias hiriko harresiak ikusten

11. Heldu nintzen, bada, Jerusalemera eta hiru egunez atseden hartu nuen.

12. Ez nion inortxori ere adierazi Jainkoaren eraginez Jerusalemen egin nahi nuena. Gauez atera nintzen gizon banaka batzuekin, neu ninderaman astoa beste abererik hartu gabe.

13. Atera nintzen, bada, gauez Haraneko atetik eta Herensugearen iturri aldera eta Zabortegiko ate aldera hartu nuen. Harresien alde hura arakatu nuen: harresiak zulatuak zeuden eta ateak suak kiskaliak.

14. Handik Iturriko ate aldera eta Erregearen urtegirantz jo nuen, baina gainean ninderaman abereak ez zuen handik igarotzeko lekurik.

15. Artean gaua zen; igo nintzen erreka-bidean gora, eta harresiak arakatu nituen. Gero, Haraneko atetik sartuz, hirira itzuli nintzen berriro.

16. Agintariek ez zekiten nondik nora ibili nintzen, ezta zer egin nuen ere; ez bainien juduei beraiei ere deus agertu. Apaizak, handikiak, agintariak eta lan-arduradun izango zirenak ezjakinean zeuden.

17. Esan nien, bada: «Ikusten duzue nolako atsekabetan gabiltzan: Jerusalem hondatua dago eta bertako ateak kiskaliak. Ea, eraiki ditzagun Jerusalemgo harresiak, atera gaitezen egoera lotsagarri honetatik!»

18. Eta Jainkoak nola lagundu zidan eta erregeak zer esan zidan agertu nien. Orduan, esan zuten: «Goazen, bada, eta eraiki dezagun!»Eta kementsu prestatu ziren lan eder hori egiteko.

19. Sanbalat horondarrak, Tobias funtzionario amondarrak eta Gexem arabiarrak, gure asmoen berri jakin zutenean, barre egin ziguten eta mespretxuka hasi zitzaizkigun:—Zertan ari zarete hor? Erregearen aurka altxatu nahi duzue ala?

20. Honela erantzun nien:—Zeruko Jainkoak berak emanen digu gure egitekoa ongi burutu ahal izatea; guk, haren zerbitzariok, lanari ekingo diogu. Zuek, aldiz, ez duzue ondarerik, ez eskubiderik, ez oroitzapenik izango Jerusalemen.