Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 13:11-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Agintariei errieta egin nien Jainkoaren etxea bazter utzi zutelako. Gero, lebitarrak eta kantariak bildu eta beren lekuetan jarri nituen berriro.

12. Orduan, judu guztiak gari, ardo eta olioaren hamarrenak biltegietara berriro ekartzen hasi ziren.

13. Eta biltegiak Xelemias apaizaren, Tzadok lege-maisuaren eta Pedaias lebitarraren ardurapean jartzeko agindu nuen, Zakurren seme eta Mataniasen iloba zen Hanan lagun zutela, jendeak gizon zintzotzat baitzeuzkan. Horiek banatzen zieten beren ahaideei zegokien partea.

14. «Ene Jainko, gogoan izan hau guztia, ez ahaztu nire Jainkoaren etxearen alde eta horko zerbitzuaren alde egin dudan guztia!»

15. Egun haietan gizon batzuk ikusi nituen larunbatez dolarean mahatsa zapaltzen. Beste batzuek gari-balak asto gainean ezartzen zituzten, baita ardoa, mahatsa, pikuak eta era guztietako zamak ere, eta larunbatean Jerusalemera eramaten zituzten. Zorrotz hartu nituen salerosketak egun horretan egiten zituztelako.

16. Jerusalemen bizi ziren tiroarrek ere arraina eta beste era guztietako salgaiak ekarri eta larunbatean saltzen zizkioten Jerusalemgo eta Judako jendeari.

17. Judako handikiei errieta egin nien, esanez: «Gaiztakerian ari zarete, ez baituzue egun sagaratua aintzakotzat hartzen.

18. Horrela egin zuten zuen gurasoek ere, eta horregatik bidali zigun gure Jainkoak zorigaitz hau, guri eta hiri honi. Eta zuek, larunbata profanatuz, areagotu egiten duzue Israelen kontrako Jainkoaren sumina».

19. Orduz geroztik, larunbat-bezperan, iluntzen hasi bezain laster, Jerusalemgo ateak ixteko agindu nuen, eta larunbat-biharamuna arte ez irekitzeko. Eta nire gizonetako batzuk jarri nituen atean, larunbatean inolako zamarik sar ez zedin.

20. Merkatariek eta zernahi saltzera zetozenek larunbat-gau bat edo beste Jerusalemdik kanpo igaro behar izan zuten.

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 13