Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Nehemiasek Jerusalemgo berriak jakin

1. Hau da Hakaliasen seme Nehemiasen historia.Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean, Kisleu hilean, Susa hiri gotorrean nengoela,

2. Hanani, neure anaietako bat, etorri zitzaidan Judatik, gizon-talde batekin. Erbestealditik libre gelditu ziren juduen eta Jerusalem hiriko berriak eskatu nizkien.

3. Eta erantzun zidaten: «Erbestealditik libre gelditu direnak zoritxar handian eta egoera lotsagarrian daude Juda eskualdean; Jerusalemgo harresiak, berriz, zuloz beteak daude, eta hiriko ateak suak kiskaliak».

4. Berri hauek entzutean, jarri eta negarrari eman nion; dolu egin nuen egun batzuetan, baraurik eta zeruko Jainkoaren aurrean otoitzean.

5. Honela egin nuen otoitz: «Jauna, zeruetako Jainkoa, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin.

6. Beude zabalik zure begiak eta adi zure belarriak zerbitzari honen otoitzera, gau eta egun ari bainaiz zure zerbitzari israeldarren alde otoitzean. Aitortzen ditut israeldarrok zure aurka egin ditugun bekatuak: bai, ni neu eta nire aitaren senitartea ere bekatari gara.

7. Benetan, oso gaizki jokatu dugu zurekin, ez baititugu bete zure zerbitzari Moisesi eman zenizkion agindu, lege eta erabakiak.

8. Hala ere, gogora ezazu zeure zerbitzari Moisesi esan zeniona: “Nirekin zintzo jokatzen ez baduzue, atzerriko nazioen artean sakabanatuko zaituztet.

9. Baina niregana itzultzen bazarete eta nire aginduak gorde eta betetzen badituzue, zeruko azken muturreraino jaurtiko bazintuztete ere, bildu egingo zintuzketet eta bizileku eta kultu-lekutzat aukeratu dudan tokira ekarriko”.

10. Zeure zerbitzari eta zeure herri dituzu israeldarrak, zeure ahalmen handiz eta esku bizkorrez askatuak.

11. Jauna, beude adi zure belarriak nire eta zure zerbitzari guztien otoitzera. Leial izan nahi genuke zurekin. Lagundu zure zerbitzari honen asmoak ongi atera daitezen, eta erregeak onginahiz har nazan».Erregearen edari-emaile nintzen ni orduan.