Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 8:26-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

26. Hartu zituen ere legamia gabeko opil bat, olioz oraturiko opil bat eta talo bat Jaunaren aurrean zegoen legamia gabeko ogien saskitik, eta gantzen eta eskuineko izterraren gainean ezarri.

27. Hori guztia Aaronen eta beronen semeen eskuetan jarri zuen, eta hauek Jaunari eskaini zioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

28. Gero, Moisesek berriro haien eskuetatik hartu eta aldarean erre zuen guztia, erre-opari gisa eskainitakoaren gainean. Apaizen sagarapenerako oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

29. Moisesek bularra hartu eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskaini zion. Hori zen sagarapen-aharitik Moisesi zegokion zatia, Jaunak agindua zion bezala.

30. Moisesek gantzuketa-oliotik eta aldare gainean zegoen odoletik harturik, Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak zipriztindu zituen; honela, bai Aaron eta semeak, bai beraien jantziak, sagaratu zituen.

31. Moisesek esan zien Aaroni eta beronen semeei: «Egosi haragia elkarketa-etxolaren sarreran; han bertan jango duzue sagarapenerako prestaturiko saskian dagoen ogiarekin batera, nik jaso nuen aginduaren arabera: “Aaronek eta beronen semeek jango dute”.

32. Sobera gelditzen diren haragia eta ogia erre egingo dituzue.

33. Ez duzue elkarketa-etxolaren sarreratik alde egingo zazpi egunez, apaiz-sagarapena burutu arte; zazpi egun iraungo baitu apaizgoa hartzeko ohikuneak.

34. Gaur egin den bezala egiteko agindu du Jaunak, zuen bekatuen barkamena lortzeko.

35. Beraz, zazpi egunez, gau eta egun geldituko zarete elkarketa-etxolaren sarreran; ondoren, Jaunak ezarritako zerbitzua bete ahal izango duzue, hil gabe. Agindu hori jaso dut nik Jaunarengandik».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 8