Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 8:13-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Gero, Aaronen semeak hurbilaraziz, tunikak jantzarazi zizkien, gerrikoak lotu eta kapelak ezarri, Jaunak agindua zion bezala.

14. Barkamen-oparirako zekorra ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek eskuak zekorraren buruan ezarri ondoren,

15. hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen alde guztietatik, aldarearen garbikuntza eginez; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen; horrela, aldarea sagaratu zuen, garbikuntza-ohikunea haren gain eginez.

16. Ondoren, heste gaineko gantza, gibela estaltzen zuena eta giltzurrunak berauen gantzarekin harturik, aldarean erre zituen.

17. Baina zekorraren gainerakoak —larrua, haragia eta hesteak— kanpalekutik atera eta erre egin zituen, Jaunak agindua zion bezala.

18. Gero, erre-oparirako aharia ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren,

19. hil egin zuen Moisesek, eta odolaz aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

20. Aharia zatitu egin zuen eta burua, zatiak eta gantzak erre.

21. Hesteak eta hankak uretan garbitu zituen, eta ahari osoa erre zuen aldarean, Jaunak agindua zion bezala. Erre-oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

22. Ondoren, bigarren aharia ekarrarazi zuen, apaizak sagaratzeko erabiltzekoa. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren,

23. hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtzi zizkion Aaroni.

24. Aaronen semeei ere, hurbilaraziz, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak odolaz igurtzi zizkien; gainerako odola aldare-inguru guztian isuri zuen.

25. Hartu zituen gero buztaneko gantza, heste gainekoa eta gibela estaltzen zuena, giltzurrunak berauen gantzarekin eta eskuineko izterra.

26. Hartu zituen ere legamia gabeko opil bat, olioz oraturiko opil bat eta talo bat Jaunaren aurrean zegoen legamia gabeko ogien saskitik, eta gantzen eta eskuineko izterraren gainean ezarri.

27. Hori guztia Aaronen eta beronen semeen eskuetan jarri zuen, eta hauek Jaunari eskaini zioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

28. Gero, Moisesek berriro haien eskuetatik hartu eta aldarean erre zuen guztia, erre-opari gisa eskainitakoaren gainean. Apaizen sagarapenerako oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

29. Moisesek bularra hartu eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskaini zion. Hori zen sagarapen-aharitik Moisesi zegokion zatia, Jaunak agindua zion bezala.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 8