Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 5:3-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. «Kutsaturik dagoen pertsona ukitzen duena, nolanahikoa dela kutsadura, konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da.

4. «Jendeak ohi duen bezala, honetaz eta hartaz zin-hitza arinkeriaz ematen duena, mesederako nahiz kalterako izan, eta konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da konturatzean.

5. «Kasu horietako batean errudun bihurtu denak bere bekatua aitortuko du,

6. eta artaldeko eme bat, ardia nahiz ahuntza, eramango dio Jaunari bekatuaren barkamen-oparitzat. Eta apaizak pertsona horren bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du.

7. «Ardia edo ahuntza erosteko ahalbiderik ez duenak, bi usapal edo bi usakume eramango dizkio Jaunari egin duen bekatuaren ordain, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.

8. Apaizari eramango dizkio. Apaizak barkamen-oparitzat eskaini beharrekoa aurkeztuko du lehenbizi; burua moztuko dio lepo-hezur ondotik, baina erabat erauzi gabe;

9. hegaztiaren odol pixka batez aldarearen alboa zipriztinduko du, gainerako odola aldare-oinean isuriz. Barkamen-oparia da hau.

10. Bigarren hegaztia erre-opari gisa eskainiko du, arautua dagoen eran. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua.

11. «Bi usapal edo bi usakume erosteko ahalbiderik ez duenak, lau kilo ogi-irin garbi eramango ditu barkamen-oparitzat. Ez dio oliorik isuriko gainera, ezta intsentsurik ezarriko ere, barkamen-oparia baita.

12. Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau.

13. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».

14. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

15. «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 5