Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Kultuari buruzko xedapenak

Santutegiko argimutila

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Agindu israeldarrei oliba-olio garbi eta birfindua ekartzeko argimutilarentzat, kriseiluak beti pizturik egon daitezen

3. elkarketa-etxolan, itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpotik. Aaron arduratuko da horietaz, gau osoan izioturik iraun dezaten Jaunaren aurrean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

4. Aaronek ipiniko ditu kriseiluak argimutilean, Jaunaren aurrean etengabe argi egin dezaten.

Jaunari eskainiriko ogiak

5. «Hartu ogi-irin garbia, erre zortzina kiloko hamabi opil

6. eta ezarri Jaunaren aurrean, urre garbizko mahai gainean, seina opileko bi lerrotan.

7. Ipini lerro bakoitzean intsentsu garbia: Jaunaren ohorez, ogiaren ordez erreko den oroitzapen-opari izango da.

8. Larunbatero, betierean, ezarriko dituzte Jaunaren aurrean. Betiko betebeharra izango dute hau israeldarrek.

9. Opilak Aaroni eta beronen ondorengoei dagozkie eta toki sakratuan jango dituzte, guztiz sakratuak baitira, Jaunari eskainiriko opariak direnez gero. Betiko lege izango duzue hau».

Jainkoa madarikatu zuenaren zigorra. Talioi legea

10-11. Bazen israeldarren artean ama israeldarra eta aita egiptoarra zituen gizon bat. Amak Xelomit zuen izena eta Dibriren alaba zen, Dan leinukoa. Behin batez, gizon hark, kanpalekuan israeldar batekin sesioan ziharduela, Jaunaren izena iraindu eta madarikatu zuen. Moisesengana eraman zuten

12. eta zaintzapean utzi, Jaunak berak erabakia adierazi arte.

13. Jaunak agindu zion Moisesi:

14. «Atera kanpalekutik ni madarikatu nauen hori; ezar biezaiote eskua buruan aditu dioten guztiek; gero, hil beza harrika israeldarren elkarte osoak.

15. Israeldarrei, berriz, honako agindu hauek adieraziko dizkiezu:«Jainkoa madarikatzen duenak bere bekatuaren ondorenak jasan beharko ditu: harrika hilko du elkarte osoak.

16. Jaunaren izena iraintzen duenak heriotza-zigorra izango du. Etorkina nahiz bertakoa izan, Jaunaren izena iraintzen duenari heriotza emango diote.

17. «Norbait hiltzen duenak heriotza-zigorra izango du.

18. «Beste baten aberea hiltzen duenak abere bizia itzuliko du hildakoaren ordain.

19. «Norbaitek herritarra zauritzen badu, zauri berdina egingo diote berari:

20. haustura hausturaren ordain, begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain; egin duen zauria egingo diote.

21. «Aberea hiltzen duenak, aberea itzuliko du; gizakia hiltzen duena heriotzara emango dute.

22. «Lege bat bera izango duzue etorkinarentzat eta bertakoarentzat, neu bainaiz Jauna, zuen Jainkoa».

23. Moisesek adierazi zizkien aginduok israeldarrei. Hauek Jauna madarikatu zuena kanpalekutik atera eta harrika hil zuten. Honela bete zuten Jaunak Moisesi iragarritako erabakia.