Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 20:12-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. «Norbait errainarekin oheratzen bada, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua, egin duten ustelkeriagatik.

13. «Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua.

14. «Norbait emakume batekin eta beronen amarekin ezkontzen bada, itsuskeria egiten du: erre egingo dituzte bera eta bi emakumeak. Ez da horrelako itsuskeriarik izango zuen artean.

15. «Norbaitek abere batekin haragizko bekatua egiten badu, heriotza-zigorra izango du, eta aberea ere hil egingo dute.

16. Era berean, emakumea abere batekin elkar batzen bada, heriotzara emango dituzte emakumea eta aberea. Berena izango dute heriotzaren errua.

17. «Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.

18. «Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du —eta emakumeak berak ere bai— odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.

19. «Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.

20. «Norbait izebarekin oheratzen bada, osaba desohoratzen du. Beren bekatuaren ondorenak jasan beharko dituzte: seme-alabarik gabe hilko dira.

21. «Norbait koinatarekin ezkontzen bada, nazkagarrikeria egiten du; anaia desohoratu duenez gero, ez dute ondorengorik izango.

22. «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Horrela, bizitzera eramango zaituztedan lurraldeak ez zaituzte okaztatu eta kanpora botako.

23. Ez bizi zuen aurretik botatzen ditudan herrien legeen arabera; horrelako gauzak egin dituztelako, hain zuzen, ezin jasan izan ditut.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 20