Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 2:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Norbaitek Jaunari labore-oparia eskaini behar badio, irin garbia eskainiko du; olioa isuriko dio gainera, intsentsua ere ezarriz;

2. gero, apaizei, Aaronen ondorengoei, eramango die, eta hauetako batek eskutada bat irin hartuko du olioarekin eta intsentsu guztiarekin batera eta aldarean erreko eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.

3. Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.

4. «Zuen labore-oparia labean errea bada, irin garbiz oliotan oraturiko legamia gabeko opilak eta oliotan bustiriko legamia gabeko taloak egingo dituzue.

5. Labore-oparia zartaginean errea bada, oliotan oraturiko irin garbiz eta legamiarik gabe prestatuko duzue;

6. zatitu egingo duzue, zatien gainera olioa isuriz; labore-oparia da hau.

7. Labore-oparia eltzean egosia bada, irin garbiz eta olioz prestatuko duzue.

8. «Opariak horrela prestatu ondoren, Jaunaren aurrera eramango dituzue eta apaizari aurkeztuko, honek aldareraino hurbil ditzan.

9. Apaizak opariaren zati bat aldarean erreko du eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.

10. Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.

11. «Ez diezue legamiarik ipiniko Jaunari eskaintzen dizkiozuen labore-opariei; ez duzue legamiarik, ez eztirik erabiliko Jaunaren ohorez erretzen diren oparietan.

12. Eskainiko dizkiozue, bai, legamia eta eztia lurraren lehen fruituen eskaintzan; baina ez aldarean, Jaunak atseginez onartzen duen oparigai bezala.

13. «Labore-opari guztiei gatza botako diezue; ez da faltako zuen Jainkoarekiko itunaren seinale den gatza labore-oparietan; beraz, oparigai guztiei gatza botako diezue.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 2