Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

ISRAELEN SANTUTASUNA (17,1—26,46)

Odolari buruzko arauak

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Adierazi Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei Jaunak ematen dituen agindu hauek:

3. «Israeldar batek, kanpaleku barruan nahiz kanpoan, zekorra, ardia nahiz ahuntza hil nahi badu,

4. aldez aurretik elkarketa-etxolaren sarrerara eramango du, egoitza aurrean Jaunari oparitzat aurkezteko; bestela, errudun izango da legez kontra odola isurtzeagatik, eta herritik bota egingo dute.

5. Beraz, ez zaie zilegi israeldarrei landan abererik hiltzea, baizik eta apaizari eraman behar diote elkarketa-etxolaren sarrerara, eta Jaunari eskaini elkartasun-oparitzat.

6. Apaizak elkarketa-etxolaren sarreran dagoen Jaunaren aldarea zipriztinduko du aberearen odolaz eta gantzak erre egingo ditu. Jaunak atseginez onartuko du oparia.

7. Horrela, israeldarrek ez diete aurrerantzean sakrifiziorik egingo aker-irudietan gurtzen dituzten sasijainkoei, Jaunarekiko desleial jokatuz. Betiko lege izango dute hau israeldarrek belaunez belaun.

8. «Israeldarrak edo israeldarren artean bizi den etorkinak erre-oparia edo beste edozein sakrifizio eskaini nahi badu,

9. elkarketa-etxolako sarrerara eramango du aberea, Jaunari eskaintzeko; bestela, herritik bota egingo dute.

10. «Nolanahiko abereren baten odola jaten duenari —israeldarra nahiz israeldarren artean bizi den etorkina izan— aurpegi emango dio Jaunak eta herritik botako.

11. Odolean dago, hain zuzen, izakiaren bizia. Jaunak odola eman dizue, aldarean isuri eta zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. Izan ere, biziarekin duen zerikusiagatik lortzen du odolak bekatuen barkamena.

12. Horra zergatik agindu dien Jaunak israeldarrei, ez dezala inork odolik jan, ezta haien artean bizi den etorkinak ere.

13. «Jangai den piztia edo hegaztia ehizatzen badu israeldarrak nahiz etorkinak, odolustu egingo du eta odola lurrez estaliko,

14. izaki ororen bizia odolean baitago. Horregatik agindu die Jaunak israeldarrei inolako izakiren odolik ez jateko, izaki ororen bizia odolean dagoelako; jaten duena herritik bota egingo dute.

15. «Berez hildako edo piztiaren batek sarraskituriko aberearen haragia jaten duenak, bertakoa nahiz etorkina izan, arropak eta gorputza garbituko ditu, eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi geldituko da.

16. Baina arropak eta gorputza garbitzen ez baditu, bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu».