Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 12:1-8 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Esan israeldarrei: Emakumea, mutikoa izaten badu, zazpi egunez kutsaturik geldituko da, hilerokoa duenean bezala.

3. Zortzigarren egunean mutikoa erdainduko dute;

4. baina amak beste hogeita hamahiru egun itxaron beharko du galdu duen odoletik garbi gelditzeko; ez du ezer santurik ukituko, ezta santutegian sartuko ere, garbikuntza-egunak bete arte.

5. Baina neskatoa izaten badu, bi astez geldituko da kutsaturik, hilerokoarekin bezala, eta beste hirurogeita sei egun itxarongo du odoletik garbi gelditzeko.

6. «Seme nahiz alabagatik garbikuntza-egunak betetzean, apaizarengana joango da, elkarketa-etxolaren sarrerara, eta urteko bildotsa eramango dio erre-oparirako eta usakumea edo usapala barkamen-oparirako.

7. Apaizak Jaunaren aurrean eskainiko ditu, amaren aldeko garbikuntza-ohikunea eginez, eta hura garbi geldituko da bere odoljariotik.«Horra hor semea nahiz alaba izaten duen emakumeari buruzko legea.

8. «Bildots bat erosteko ahalbiderik ez duen emakumeak bi usapal edo bi usakume har ditzake, bata erre-oparirako eta bestea barkamen-oparirako. Apaizak emakumearen aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du, eta hura garbi geldituko da».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 12