Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 10:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Aaronen seme Nadabek eta Abihuk, nork bere errautsontzia harturik, bertan sua egin eta intsentsua ezarri zuten; horrela, Jaunak agindu gabeko eskaintza aurkeztu zioten.

2. Orduan, Jaunaren aurretik sua atera eta kiskali egin zituen; hantxe bertan hil ziren.

3. Moisesek Aaroni esan zion: «Horretaz ari zen Jauna hau esatean: Hurbiltzen zaizkidanek nire santutasuna errespetatu behar dute eta ni ohoratu herri osoaren aurrean».Aaron isilik gelditu zen.

4. Gero, Moisesek Aaronen osaba Uzielen seme ziren Mixaeli eta Elitzafani dei egin eta esan zien: «Zatozte! Kendu zeuen ahaideen gorpuak santutegi aurretik eta atera kanpalekutik».

5. Hurbildu ziren haiek eta, beren tuniketan bildurik, kanpalekutik atera zituzten, Moisesek agindu bezala.

6. Moisesek esan zien Aaroni eta Eleazar eta Itamarri, haren beste bi semeei: «Zuek ez utzi ilea harro eta ez urratu jantziak, dolua adierazteko, zuek hil eta Jauna elkarte osoaren aurka haserretzea nahi ez baduzue. Israeldar guztiek, zuen senideek, egingo dute dolu, Jaunak suaz hil dituen horiengatik;

7. zuek ez aldendu elkarketa-etxolaren sarreratik, hil nahi ez baduzue, olioz Jaunari sagaratuak baitzaudete».Moisesek agindu bezala egin zuten.

8. Honela mintzatu zitzaion Jauna Aaroni:

9. «Zuk eta zure semeek, elkarketa-etxolan sartu behar duzuenean, ez duzue ardorik, ez alkohol-edaririk edango, hil nahi ez baduzue.

10. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun; horrela, zer den sakratu eta zer profano, zer garbi eta zer kutsatu bereizi ahal izango duzue,

11. eta nik, Jaunak, Moisesen bidez emandako legeak israeldarrei irakasteko gai izango zarete».

12. Moisesek Aaroni eta honi gelditzen zitzaizkion semeei, Eleazar eta Itamarri, esan zien: «Hartu labore-oparia, Jaunaren ohorez erretako oparitik gelditua, egin legamia gabeko ogiak eta jan aldare ondoan; guztiz sakratua denez,

13. toki sakratuan jango duzue. Horixe da Jaunaren ohorez erretako oparitik zeuri eta zure semeei dagokizuen partea, Jaunak agindu zidan bezala.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 10