Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 8:17-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Beraz, eska diezaiogun laguntzeko, beraren salbamenaren zain gaudelarik. Eta entzungo du gure eskaria, hala nahi badu.

18. «Gure belaunaldi honetan, gure egunotan ez da gure artean idolorik adoratzen duen leinurik, ez familia, ez senitarte, ez hiririk, antzina egin ohi zuten bezala.

19. Horregatik utzi zien Jainkoak etsaiei gure arbasoak ezpataz hiltzen eta dena lapurtzen. Horra zergatik jasan zuten halako hondamena.

20. Guk, ordea, ez dugu geurea beste jainkorik ezagutzen. Horregatik espero dugu ez gaituela arbuiatuko, ez gu, ezta gure herriko inor ere.

21. «Izan ere, gu harrapatzen bagaituzte, Judea osoa eta gure tenplua ere harrapatuko dituzte eta profanazio hori geure biziaz ordainaraziko digu Jainkoak.

22. Esklabo eramango gaituzten nazioen erdian, gure gainera botako du gure senideen heriotza, gure herriaren gatibualdia eta gure ondarea suntsitzearen erantzukizuna. Eta harrapatuko gaituztenek irain eta iseka egingo digute.

23. Eta esklaboaldian geure jabeak ez zaizkigu gupidatuko, baizik eta lotsabide bihurtuko digu Jainko Jaunak esklaboaldia.

24. «Beraz, senideok, erakuts diezaiegun anai-arrebei geure esku dugula beraien bizia, baita toki santua, tenplua eta aldarea ere.

25. Eta, gainera, eman diezazkiogun eskerrak Jaunari, geure Jainkoari, gu ere, arbasoak bezala, probatzen gaituelako.

26. Oroit zaitezte Abrahami egin zionaz eta nola probatu zuen Isaak. Oroitu Jakobi Siriako Mesopotamian gertatu zitzaionaz, bere amaren anaia Labanen artaldeak zaintzen ari zelarik.

27. Haien bihotzak suz probatu zituen bezala, gu ere, berarengana hurbiltzen garenok, zigortu egiten gaitu Jaunak; ez, ordea, gutaz mendekatzeko, zuzenarazteko baizik».

28. Oziasek erantzun zion Juditi: «Arrazoia duzu. Esan duzun guztia zentzuzkoa da, hori ezin du inork ukatu.

29. Gainera, ez duzu lehen aldia horrelako zuhurtzia agertzen duzula; herri guztiak daki txikitandik zarela buru argiko eta bihotz oneko.

30. Herria, ordea, egarriak hila dago, eta esan duguna betetzera eta baztertu ezin dugun zina egitera behartu gaitu.

31. Emakume jainkozalea zarenez, egizu otoitz gure alde. Jaunak bidaliko digu euria gure urtegiak betetzeko eta, horrela, ez gara lur joak geldituko».

32. Juditek erantzun zien hiriko arduradunei: «Entzun. Gure herriak gizaldiz gizaldi gogoan izanen duen zerbait egin behar dut.

33. Gaur gauean egon zaitezte hiriko atean. Ni neure mirabearekin atera egingo naiz. Eta hiria etsaiei emateko hitzeman duzuen epea bete baino lehen, salbatuko du Jaunak Israel nire bitartez.

34. Zuek ez ibili nire asmoak zein diren jakin nahian, ez baitut deus ere esango dena bukatu arte».

35. Oziasek eta buruzagiek esan zioten: «Zoaz bakean! Eta gida zaitzala Jainko Jaunak gure etsaiez mendekatzera!»

Irakurri kapitulu osoa Judit 8