Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 8:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Egun haietan, jakin zuen Juditek gertatuaren berri. Judit Merariren alaba zen, Merari Ox-en semea, hau Joserena, hau Ozielena, hau Helkiasena, hau Ananiasena, hau Gedeonena, hau Rafainena, hau Akitobena, hau Eliasena, hau Helkiasena, hau Eliabena, hau Natanaelena, hau Salamielena, hau Sarasadairena eta hau Israelena.

2. Juditen senarra, Manases, beraren leinu eta senitarte berekoa, garagar-uztaroan hila zen.

3. Izan ere, soroan garagar-balak lotzen zituztenak zaintzen ari zela, eguzki beroak jo eta oheratu egin behar izan zuen eta bere hirian, Betulian, hil zen. Bere gurasoen ondoan ehortzi zuten, Dotaim eta Balamon artean dagoen landan.

4. Baziren hiru urte eta lau hilabete Judit alargundu zela, eta bere etxean bizi zen,

5. etxe gainean eraikia zuen etxola batean. Zakukia zeraman soinean eta gainetik alargun-jantzia.

6. Alargunduz gero, egunero egin ohi zuen barau, larunbat eta larunbat-bezperetan izan ezik, ilberri-egun eta bezperetan, jaietan eta israeldarren egun alaietan izan ezik.

7. Emakume oso eder eta xarmangarria zen. Manasesek, beraren senarrak, urrea eta zilarra, morroi-neskameak, abereak eta lurrak utzi zizkion, eta berak zeraman hori guztia.

8. Ez zezakeen inork ere hartaz ezer txarrik esan, Jainkoari begirune handia baitzion.

9. Entzun zituen, bada, Juditek hiriko arduradunen kontra jendeak esandako hitz gogorrak, urik ezak lur jota utziak baitzituen. Jakin zuen, orobat, Oziasek erantzun ziena, bost egunen buruan hiria asiriarren esku utziko zuela zin eginez.

10. Orduan, bere ondasun guztien arduradun zen mirabea bidali eta dei egin zien Ozias, Kabris eta Karmis hiriko arduradunei.

11. Etorri zitzaizkionean, esan zien: «Entzun, Betuliako buruzagiok. Ez da zuzena gaur herriaren aurrean esan duzuena. Ez zenuten Jainkoaren izenean zin egin behar hiria etsaien esku utziko zenutela, baldin eta bost egunen buruan Jaunak laguntzarik bidaltzen ez bazizuen.

12. Zein zarete zuek Jainkoari gaur baldintzarik jartzeko? Jendearen erdian Jainkoaren ordez zaudetela uste al duzue?

13. Jaun ahalguztiduna tentatu nahi izan duzue, baina ez duzue inoiz ere beraren asmorik ulertuko.

Irakurri kapitulu osoa Judit 8