Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 5:10-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. «Gero, gosete handia gertatu zen Kanaanen eta Egiptora jaitsi zen eta bertan iraun, janaririk izan zuen bitartean. Egipton ugaritu eta ezin zenbatu ahalako jendetza egin zen.

11. Orduan, Egiptoko erregea kontra jarri zitzaion eta, azpikeriaz, adreilugintza astunera behartu zuen, makurrarazi eta esklabo bihurtu.

12. Hark dei egin zion bere Jainkoari eta honek sendaezinezko izurriz zigortu zuen Egipto. Orduan, egiptoarrek bota egin zuten beren lurraldetik.

13. Jainkoak lehortu egin zuen Itsaso Gorria beraren aurrean

14. eta Sinaira eta Kadex-Barneara bidean gidatu zuen. Eta hark bota egin zituen basamortuan bizi ziren guztiak.

15. Gero, amortarren lurraldean finkatu zen eta indarrez suntsitu zituen hexbondarrak. Jordan ibaia igaro ondoren, mendialdearen jabe egin zen

16. eta, kanaandar, periztar, jebustar, sikemdar eta girgaxtar guztiak bertatik egotzirik, bera gelditu zen luzaro lurralde hartan bizitzen.

17. Bere Jainkoaren kontra bekaturik egin ez zuen bitartean, zoriontsu izan zen, zuzengabekeriari gorrotoa dion Jainkoa baitzuen.

18. Baina Jainkoak ipinitako bidetik okertu zenean, era izugarrian erraustu zuten etsaiek gerrate askotan eta gatibu eraman atzerrira. Etsaiek oinarrietaraino soildu zuten haren Jainkoaren tenplua eta hiriak hartu.

19. Orain, ordea, bere Jainkoarengana itzuli delarik, bildu egin da barreiatua zegoen tokietatik, hartu egin du Jerusalem, santutegia dagoen hiria, eta inor gabe gelditua zen lurralde menditsuan finkatu da.

20. «Beraz, ene jaun eta jabea, ikus dezagun aurrena herri horrek hutsik egin duen, bere Jainkoaren kontra bekaturik egin duen, eta, zerbaitetan erori baldin bada, igo eta eraso diezaiogun.

21. Baina herri horrek zuzengabekeriarik egin ez badu, ene jauna, hobe uztea, bere Jaun eta Jainkoak babestu egingo baitu eta gu, berriz, lotsagarri gertatuko baikara mundu osoaren aurrean».

22. Akiorrek hitzaldia bukatzean, marmarka hasi ziren oihal-etxola inguruan zeuden gudariak; Holofernesen ministroak, kostaldeko eta Moabeko jendeak txiki-txiki egin nahi zuten Akior.

23. Hau zioten: «Ez gaituzte izutzen israeldar horiek! Herri horrek ez du ahalmenik, ez indarrik gudu gogorrari eusteko.

Irakurri kapitulu osoa Judit 5