Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 10:17-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Beren arteko ehun gizon hautatu zituzten, Judit eta mirabeari lagun egin eta Holofernesen oihal-etxolara eraman zitzaten.

18. Emakumea zetorrela zabaldu zenean, istilua sortu zen kanpaleku osoan. Gudariak emakumearen inguruan bildu ziren, Judit Holofernesen oihal-etxolaren aurrean zegoen bitartean, gudalburuari beraren berri eman zain.

19. Harrituak zeuden emakumearen edertasunaz eta, berarengatik, miretsi egiten zituzten israeldarrak, elkarri esanez: «Gutxiets ote daiteke honelako emakumeak dituen herria? Huts ederra izango litzateke horietako gizon bakar bat ere bizirik uztea! Mundu osoa liluratuko lukete bizirik geldituek!»

20. Atera ziren Holofernesen oihal-etxolako zaintzaileak eta ofizialak, eta sartu zuten barrura Judit.

21. Sabaidun ohean zegoen etzana Holofernes; ohe-sabaia purpura eta urrez egina zen, esmeraldaz eta harribitxiz apaindua.

22. Juditen berri eman ziotenean, atera zen Holofernes sarreraraino, zilarrezko kriseiluz aurretik argi egiten ziotela.

23. Judit Holofernesen eta ofizialen aitzinera heldu zenean, harrituak gelditu ziren denak haren aurpegi ederra ikusirik. Judit ahuspeztu egin zen Holofernesen aurrean, baina zerbitzariek zutiarazi egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa Judit 10