Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 8:3-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Josue, bere gudaroste osoarekin Ai hiriari erasotzeko prestatu zen. Hogeita hamar mila gudari aukeratu eta gauez bidali zituen,

4. agindu honekin: «Jar zaitezte zelatan hiriaren atzealdean; ez urrutiratu gehiegi hiritik eta egon erne.

5. Ni eta gainerako gerra-gizonak hirira hurbilduko gara eta, aurrekoan bezala, hirikoak guri erasotzera ateratzean, guk ihesari emango diogu.

6. Gure ondoren aterako dira eta, horrela, hiritik urruti erakarriko ditugu, aurrekoan bezala beraiengandik ihesi goazela uste izango baitute.

7. Zuek, orduan, atera gordelekutik eta jabetu hiriaz; Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura emango dizue.

8. Hiria hartu bezain laster, su emango diozue, Jaunak agindu bezala. Horra nire agindua!»

9. Bidali zituen Josuek, eta haiek Ai hiriaren mendebaldera jarri ziren zelatan, Betel eta Ai bitartean.Josuek bere gudarien artean eman zuen gaua.

10. Biharamunean goizean goiz jaiki eta begiraldia egin zion Josuek gudarosteari; gero, Israelgo arduradunekin batera gudarostearen buruan jarri eta Ai hiriari erasotzera abiatu zen.

11. Aurreratu eta hiriaren aitzinera heldu ziren. Iparraldera ezarri zuten kanpalekua, beraien eta hiriaren artean ibarra zegoelarik.

12. Josuek bost mila inguru gudari hartu eta zelatan ipini zituen Betel eta Ai artean, hiriaren mendebaldera.

13. Guda-talderik handienak, beraz, hiriaren iparraldera zuen kanpalekua; atzeguardia, berriz, mendebaldera zegoen. Gau hartan Josue ibar erdiraino joan zen.

14. Biharamunean, hartaz guztiaz ohartu zenean, Aiko erregea bizkor jaiki eta bere gudaroste osoarekin atera zen toki jakin batera, basamortuaren aurrez aurre, israeldarrei erasotzera, hiriaren atzealdean zenbait gudari israeldar zelatan zeudela konturatu gabe.

15. Galdu itxurak eginez, Josuek eta israeldarrek ihes egin zuten basamorturantz.

16. Hiriko gizonak oihuka atera ziren israeldarren ondoren eta Josueri segika hiritik urrutiratu egin ziren.

17. Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten.

Irakurri kapitulu osoa Josue 8