Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 8:13-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Guda-talderik handienak, beraz, hiriaren iparraldera zuen kanpalekua; atzeguardia, berriz, mendebaldera zegoen. Gau hartan Josue ibar erdiraino joan zen.

14. Biharamunean, hartaz guztiaz ohartu zenean, Aiko erregea bizkor jaiki eta bere gudaroste osoarekin atera zen toki jakin batera, basamortuaren aurrez aurre, israeldarrei erasotzera, hiriaren atzealdean zenbait gudari israeldar zelatan zeudela konturatu gabe.

15. Galdu itxurak eginez, Josuek eta israeldarrek ihes egin zuten basamorturantz.

16. Hiriko gizonak oihuka atera ziren israeldarren ondoren eta Josueri segika hiritik urrutiratu egin ziren.

17. Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten.

18. Orduan, Jaunak esan zion Josueri: «Zuzen ezazu Ai aldera eskuan duzun azkona, eskura ematen baitizut hiria». Eta Josuek Ai aldera zuzendu zuen eskuan zuen azkona.

19. Josuek besoa luzatu bezain laster, zelatan zeudenek, beren gordelekuetatik bizkor atera, lasterka hirian sartu, beraren jabe egin eta su eman zioten berehala.

20. Begiratu zuten atzera Aiko gizonek eta ke-mordo handia ikusi zuten hiritik zerurantz igotzen. Ez zitzaien ihesbiderik gelditzen inongo aldetik, basamorturantz ihesi zihoazen israeldarrak itzuli egin baitziren beren pertsegitzaileen kontra.

21. Izan ere, zelatan egondakoak hiriaz jabetu zirela eta ketan zegoela ikusirik, Josuek eta israeldar guztiek itzuli eta eraso egin zieten Aiko gizonei.

22. Hirian sartutakoak ere bidera atera zitzaizkien, eta Aiko gizonak, israeldarren artean harturik, atzetik eta aurretik erasopean gertatu ziren. Denak hil zituzten: ez zen bat ere gelditu bizirik eta ez zuen inork ere ihes egin.

23. Aiko erregea, ordea, bizirik harrapatu eta Josuerengana eraman zuten.

24. Israeldarrek, segika atera zitzaizkien Aiko gizonak landa zabalean azkeneraino garbitu ondoren, Aira itzuli eta hiriko bizilagun guztiak hil zituzten.

25. Egun hartan Aiko bizilagun guztiak hil zituzten, gizaseme nahiz emakume: hamabi mila lagun.

26. Josuek ez zuen bildu azkonari eutsiz luzatua zuen besoa, harik eta Aiko bizilagun guztiak erabat suntsitu arte.

27. Israeldarrek berentzat hartu zituzten harrapakintzat abereak eta hiriko ondasunak, Jaunak Josueri aginduaren arabera.

Irakurri kapitulu osoa Josue 8