Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 8:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunak esan zion Josueri: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Hartu zeure gudaroste osoa eta zoaz Ai hiriari erasotzera. Eskura ematen dizkizut Aiko erregea, beronen jendea, hiria eta lurraldea.

2. Egin Ai hiriari eta bertako erregeari, Jerikori eta bertako erregeari egin zeniena. Oraingoan har ditzakezue hiriko ondasunak eta abereak guda-harrapakintzat. Ipini zelatariak hiriaren atzealdean».

3. Josue, bere gudaroste osoarekin Ai hiriari erasotzeko prestatu zen. Hogeita hamar mila gudari aukeratu eta gauez bidali zituen,

4. agindu honekin: «Jar zaitezte zelatan hiriaren atzealdean; ez urrutiratu gehiegi hiritik eta egon erne.

5. Ni eta gainerako gerra-gizonak hirira hurbilduko gara eta, aurrekoan bezala, hirikoak guri erasotzera ateratzean, guk ihesari emango diogu.

6. Gure ondoren aterako dira eta, horrela, hiritik urruti erakarriko ditugu, aurrekoan bezala beraiengandik ihesi goazela uste izango baitute.

7. Zuek, orduan, atera gordelekutik eta jabetu hiriaz; Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura emango dizue.

8. Hiria hartu bezain laster, su emango diozue, Jaunak agindu bezala. Horra nire agindua!»

9. Bidali zituen Josuek, eta haiek Ai hiriaren mendebaldera jarri ziren zelatan, Betel eta Ai bitartean.Josuek bere gudarien artean eman zuen gaua.

Irakurri kapitulu osoa Josue 8