Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 6:1-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jeriko hiria zeharo itxia zegoen israeldarren beldurrez. Ez zen inor sartzen, ez ateratzen.

2. Jaunak esan zion Josueri: «Begira, eskura ematen dizkizut Jeriko eta bertako erregea eta gudariak.

3. Zuek hiria inguratuko duzue: sei egunez, egunero itzuli bat eginen duzue gerra-gizon guztiok hiriaren inguruan.

4. Zazpi apaiz kutxaren aurretik joango dira, ahari-adar bana harturik. Zazpigarren egunean, zazpi aldiz egingo duzue itzulia hiriaren inguruan eta apaizek adarrak joko dituzte.

5. Adar-hots luzea entzun bezain laster, herri osoak irrintzi handia egingo du eta hiriko harresia behera etorriko da. Orduan, eraso diezaiola jende guztiak, nork bere aurrean izango duen tartetik»

6. Nunen seme Josuek apaizei dei egin eta esan zien: «Hartzazue itun-kutxa eta zuetariko zazpik eraman dezatela adar bana Jaunaren kutxa aurretik».

7. Gero, herri osoari esan zion: «Zoazte eta inguratu hiria; gizon armatuak doazela Jaunaren kutxa aurretik».

8. Josuek agindua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren aurrean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondoren, Jaunaren itun-kutxa zetorren.

9. Adarrak jotzen zituzten apaizen aurrean gizon armatuak jarri ziren eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.

10. Josuek agindu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzirik, ez dadila hizketa-hotsik entzun; ez egin hitzik ere, nik irrintzi egiteko esan arte. Orduan egingo duzue».

11. Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan eta, ondoren, kanpalekura itzuli ziren gaua igarotzeko.

12. Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Josue. Apaizek kutxa hartu zuten,

13. eta zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren kutxa aurrean zihoazen adarrak joz. Denen aurrean gizon armatuak zihoazen eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.

14. Bigarren egunean ere, hiriaren inguruan itzuli bat egin eta kanpalekura joan ziren. Halaxe egin zuten sei egunez.

15. Zazpigarren egunean, egunsentian jaiki eta itzulia egin zuten hiriaren inguruan, aurreko egunetakoaren arabera, baina egun hartan zazpi itzuli egin zizkioten hiriari.

16. Zazpigarrenean, apaizek adarra jotzean, Josuek esan zion herriari: «Egin orain irrintzi, Jaunak zuen menpe jarri baitu hiria!

17. Hiria eta bertan den guztia erabat suntsitu behar da Jaunaren ohorez. Rahab emagaldua eta beronen etxean direnak bakarrik geldituko dira bizirik, guk bidalitako mandatariak gorde zituelako.

Irakurri kapitulu osoa Josue 6