Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 3:3-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. herriari agindu hau emanez: «Apaiz lebitarrek Jaunaren, zuen Jainkoaren, itun-kutxa hartu eta badaramatela ikustean, abiatu zuek ere orain zaudeten tokitik eta jarraitu kutxari,

4. nondik joan jakin dezazuen, lehen inoiz ere bide horretan ibili gabeak baitzarete; baina ez hurbildu kutxaren ondora, utzi kilometro inguruko tartea zuen eta beraren artean».

5. Ondoren, Josuek esan zion herriari: «Egizue garbikuntza, Jaunak bihar gauza harrigarriak egingo baititu zuen artean».

6. Eta apaizei esan zien: «Hartu itun-kutxa eta jar zaitezte herriaren aurrean». Apaizak itun-kutxa hartu eta herriaren aurretik abiatu ziren.

7. Jaunak, orduan, esan zion Josueri: «Gaurtik aurrera goratu eginen zaitut israeldar guztien aurrean; horrela jakingo dute ni zurekin naizela, Moisesekin izan nintzen bezala.

8. Eman agindu hau itun-kutxa daramaten apaizei: Jordan ibaiertzera heltzean, gelditu bertan».

9. Josuek esan zien israeldarrei: «Hurbil zaitezte eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, hitzak».

10. Eta gehitu zuen: «Horra zertan igarriko diozuen Jainko bizia duzuela zeuen artean, eta kanaandarrak, hititak, hibiarrak, periztarrak, girgaxtarrak, amortarrak eta jebustarrak zuen aurretik erabat botako dituela:

11. lur osoko jabearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar.

12. (Aukera itzazue hamabi gizon, Israelgo leinu bakoitzeko bat).

13. Jaunaren, lur osoko jabearen, itun-kutxa daramaten apaizen oinek Jordan ibaiko urak ukitu bezain laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, harresia bailiran».

14. Herria ibaia igarotzeko kanpalekutik abiatu zenean, apaizak itun-kutxa hartu eta jendearen aurrean jarri ziren.

15. Uztaroa zen, eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etorri ohi da. Kutxa zeramaten apaizak Jordanera heldu eta haien oinek ur-ertza ukitu bezain laster,

16. goitik zetozen urak gelditu egin ziren, harresia bezala tente jarriz, eta urak urrutira, Tzartan ondoan dagoen Adam hiriraino, heldu ziren; Araba itsaso edo Itsaso Hilera zihoan ur-korrontea, berriz, erabat eten zen. Eta herria igaro egin zen Jeriko parean.

Irakurri kapitulu osoa Josue 3