Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Lebitarren hiriak

1. Lebitarren senitarteburuak Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta israeldar leinuetako senitarteburuengana joan ziren

2. Xilora, Kanaan lurraldean, eta esan zieten: «Geu bizitzeko hiriak eta abereentzako larre-tokiak emateko agindu zuen Jaunak Moisesen bidez».

3. Orduan, israeldarrek, Jaunak agindu bezala, beren ondaretik hiriak, beren herri-lur eta guzti, eman zizkieten lebitarrei.

4. Zotz egin eta Kehaten senitarteei egokitu zitzaien lehenengo. Aaron apaizaren ondorengo lebitarrei Juda, Simeon eta Benjaminen leinuen hamahiru hiri atera zitzaizkien;

5. Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, berriz, Efraim eta Danen leinuen eta Manasesen leinu erdiaren hamar hiri;

6. Gerxonen ondorengoen senitarteei Isakar, Axer eta Neftaliren leinuen eta Baxango Manasesen beste leinu erdiaren hamahiru hiri,

7. eta Merariren ondorengoen senitarteei Ruben, Gad eta Zabulonen leinuen hamabi hiri.

8. Jaunak Moisesen bitartez agindu bezala, israeldarrek zotz eginez izendatu zizkieten lebitarrei hiriak, herri-lur eta guzti.

9. Hona hemen, Juda eta Simeonen leinuen ondaretik

10. Lebiren seme Kehaten senitarteko ziren Aaronen ondorengoei atera zitzaizkien hiriak —beraiei egokitu baitzitzaien lehenbizi zortea—:

11. Kiriat-Arba —hau da, Hebron— eta beraren herri-lurrak, Judako mendialdean (Arba Anaken aita zen);

12. baina Hebron inguruko lautada eta herrixkak emanak zizkioten jabetzan Jefuneren seme Kalebi;

13-16. eta babes-hiri zen Hebronekin eta beraren herri-lurrekin batera, Libna, Jatir, Extemoa, Holon, Debir, Axan, Juta eta Bet-Xemex. Juda eta Simeonen leinuen ondaretik, beraz, bederatzi hiri eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten.

17-18. Benjaminen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Gabaon, Geba, Anatot eta Almon— eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten.

19. Aaronen ondorengo apaizei, beraz, guztira hamahiru hiri eman zizkieten, eta beraien herri-lurrak.

20. Kehaten ondorengo lebitarren gainerako senitarteei Efraimen leinuaren zenbait hiri atera zitzaien:

21-22. babes-hiri zen Sikem, eta herri-lurrak, Efraimgo mendialdean, eta, gainera, Gezer, Kibtzaim eta Bet-Horon, eta beraien herri-lurrak; guztira lau hiri.

23-24. Danen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Elteke, Gibeton, Aialon eta Gat-Rimon— eta herri-lurrak.

25. Eta Manasesen leinu erdiaren ondaretik beste bi hiri —Taanak eta Ibleam— eta herri-lurrak.

26. Beraz, Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, guztira, hamar hiri eman zizkieten, herri-lur eta guzti.

27. Gerxonen ondorengoen lebitar senitarteei bi hiri eman zizkieten Manasesen beste leinu erdiaren ondaretik: babes-hiri zen Golan, Baxanen, eta Beextera, beraien herri-lur eta guzti.

28-29. Isakarren leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Kixion, Daberat, Tarmut eta En-Ganim— eta herri-lurrak.

30-31. Axerren leinuaren ondaretik ere lau hiri —Mixal, Abdon, Helkat eta Rehob— eta herri-lurrak.

32. Eta Neftaliren leinuaren ondaretik hiru hiri —babes-hiri zen Kedex, Galilean, Hamot-Dor eta Kartan— eta herri-lurrak.

33. Gerxonen ondorengo senitarteei, guztira, hamahiru hiri eman zizkieten, beraien herri-lur eta guzti.

34-35. Gainerako lebitarrei, hots, Merariren ondorengo senitarteei, lau hiri eman zizkieten Zabulonen leinuaren ondaretik: Jokneam, Karta, Rimon eta Nahalal, herri-lur eta guzti.

36-37. Rubenen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri Jordanez beste aldera, Jeriko parean: babes-hiri zen Betzer, Jahtza, Kedemot eta Mefaat, herri-lur eta guzti.

38-39. Gaden leinuaren ondaretik ere lau hiri —babes-hiri zen Ramot, Galaaden, Mahanaim, Hexbon eta Jazer— herri-lur eta guzti.

40. Merariren ondorengo senitarteei, guztira, hamabi hiri eman zizkieten.

41-42. Beraz, israeldarrek berrogeita zortzi hiri eman zizkieten beren jabetzatik lebitarrei, hiri bakoitza beronen herri-lur eta guzti.

43. Horrela eman zion Jaunak Israel herriari beraren arbasoei zin eginez agindutako lurralde osoa. Israeldarrak beraren jabe egin ziren eta bertan jarri bizitzen.

44. Jaunak lasaitasuna eman zien beren lur-muga osoan, beraien arbasoei zin egin bezala. Etsaietako batek ere ezin izan zien aurre egin, Jaunak eskura eman baitzizkien guztiak.

45. Jaunak israeldarrei egindako promes eder haietarik batek ere ez zuen huts egin, denak bete ziren.