Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 13:21-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. gainera, lautadako hiri guztiak eta egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen erreinu osoa. Moisesek garaitu zuen Sihon erregea, baita lurralde hartan bizi ziren beraren menpeko buruzagi madiandarrak ere: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba.

22. Israeldarrek ezpataz hil zituztenen artean Beor-en seme Balaam igarlea zegoen.

23. Rubendarren lurraldeak Jordan ibaia zuen muga.Hori izan zen rubendarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

24. Moisesek Gaden leinuko senitarteei ere beste zati bat eman zien.

25. Haien lurraldeak Jazer hiria, Galaadeko hiri guztiak eta amondarren lurraldearen erdia, Rabaren aurrez aurre dagoen Aroer hiriraino hartzen zituen;

26. baita Hexbondik Ramat-Mitzpe eta Betonimeraino eta Mahanaimdik Debarreko mugaraino ere;

27. eta haranean, Bet-Haram, Bet-Nimra, Sukot eta Tzafon, hau da, Hexbongo errege Sihonen erreinuaren gainerakoa. Jordan ibaia zuen muga, lurraldea ibaiaz ekialdera Genesaret aintziraraino hedatzen zelarik.

28. Hori izan zen gadtarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

29. Moisesek Manasesen leinu erdiko senitarteei ere beste ondare-zati bat eman zien.

30. Haien lurraldeak Mahanaimdik hasita Baxan osoa, Og erregearen erreinua izana, eta Jairren herrixkak hartzen zituen: hirurogei hiri;

31. Galaad lurraldearen erdia eta Baxango errege Og-en erreinuko Axtarot eta Edrei hiriak Manasesen seme Makirren ondorengo erdiei eman zizkien, senitarteka banatuz.

32. Hau izan zen Moisesek Moabeko lautadan, Jordanez beste aldera, Jerikotik ekialdera, egin zuen ondare-banaketa.

33. Lebiren leinuari ez zion ondarerik eman, Jauna, Israelen Jainkoa, baitzuen ondare, Jaunak berak hitzeman bezala.

Irakurri kapitulu osoa Josue 13