Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 11:8-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Jaunak eskura eman zizkien israeldarrei eta hauek porrokatu eta pertsegitu egin zituzten Sidon hiribururaino eta Misrefot-Maim hiriraino eta, ekialdetik, Mitzpako haraneraino. Denak hil zituzten, bat ere bizirik utzi gabe.

9. Jaunak agindu bezala, hanka-zainak ebaki zizkien Josuek zaldiei eta guda-gurdiak erre.

10. Ondoren, itzuli eta Hatzor hiria hartu zuen Josuek eta bertako erregea ezpataz hil. Hatzor zen aldi hartan inguru haietako erreinuetako hiriburua.

11. Bertan bizi ziren guztiak ezpataz hil eta erabat suntsitu zituen, bat ere bizirik utzi gabe, eta hiriari su eman zion.

12. Josuek gainerako hiri guztiak hartu eta bertako erregeak ezpataz hil zituen eta erabat suntsitu, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu bezala.

13. Mendi-gailurretan zeuden hiriak ez zituzten erre israeldarrek, Josuek erre zuen Hatzor izan ezik.

14. Hiri haietako ondasunak eta abereak berentzat hartu zituzten israeldarrek, guda-harrapakintzat; gizakiak, aldiz, ezpataz hil zituzten, denak suntsitzeraino, bat ere bizirik utzi gabe.

15. Jaunak Moisesi agindutakoa agindu zion Moisesek Josueri, eta honek bete; ez zuen bete gabe utzi Jaunak Moisesi agindutako ezer ere.

16. Hona hemen, Josuek hartutako lurraldeak: mendialdea, Negev basamortua, Goxen lurraldea, Xefela lautada, Araba harana eta Israelgo mendialdea eta itsasorainoko lautada;

17. hau da, Seir aldera doan Halak menditik Hermon mendi azpiko Libanoko haranean dagoen Baal-Gad hiria arteko lurralde osoa. Errege guztiak harrapatu eta hil egin zituen,

18. beraien kontra luzaro borrokan ibili ondoren.

19. Israeldarrekin bake-hitzarmena egin zuen hiri bakarra hibiarrak bizi zireneko Gabaon izan zen. Beste guztiak armen indarrez hartu zituzten.

Irakurri kapitulu osoa Josue 11