Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 11:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Israelen garaipenaren berri jakitean, Jabinek, Hatzorko erregeak, mandatariak bidali zizkien inguruetako erregeei: Jobabi, Madongo erregeari, Ximrongo erregeari, Akxafeko erregeari,

2. baita iparraldeko mendialdeko erregeei eta Genesaret aintziraz hegoaldeko Araba basamortukoei, Xefela lautadakoei eta mendebaldean dagoen Dor eskualdeko erregeei ere;

3. orobat, ekialdeko eta mendebaldeko kanaandarrei, mendialdean bizi ziren amortar, hitita, periztar eta jebustarrei eta Hermon mendiaren oinetan, Mitzpa eskualdean, bizi ziren hibiarrei ere.

4. Errege haiek beren gudarosteekin atera ziren: itsasbazterreko hondarra baino ugariago ziren eta zaldi eta guda-gurdi asko zuten.

5. Denek bat egin eta Merom izeneko aintzira ondoan ezarri zuten kanpalekua, israeldarrak borrokatzeko asmoz.

6. Jaunak, ordea, esan zion Josueri: «Ez izan horien beldur! Bihar, ordu honetan, hilda utziko ditut israeldarren aurrean; zuk ebaki horien zaldien hanka-zainak eta erre guda-gurdiak».

7. Josuek, bere gudari guztiekin Merom aintzirara joan eta ustekabean eraso zien.

8. Jaunak eskura eman zizkien israeldarrei eta hauek porrokatu eta pertsegitu egin zituzten Sidon hiribururaino eta Misrefot-Maim hiriraino eta, ekialdetik, Mitzpako haraneraino. Denak hil zituzten, bat ere bizirik utzi gabe.

9. Jaunak agindu bezala, hanka-zainak ebaki zizkien Josuek zaldiei eta guda-gurdiak erre.

Irakurri kapitulu osoa Josue 11