Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 11:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Israelen garaipenaren berri jakitean, Jabinek, Hatzorko erregeak, mandatariak bidali zizkien inguruetako erregeei: Jobabi, Madongo erregeari, Ximrongo erregeari, Akxafeko erregeari,

2. baita iparraldeko mendialdeko erregeei eta Genesaret aintziraz hegoaldeko Araba basamortukoei, Xefela lautadakoei eta mendebaldean dagoen Dor eskualdeko erregeei ere;

3. orobat, ekialdeko eta mendebaldeko kanaandarrei, mendialdean bizi ziren amortar, hitita, periztar eta jebustarrei eta Hermon mendiaren oinetan, Mitzpa eskualdean, bizi ziren hibiarrei ere.

4. Errege haiek beren gudarosteekin atera ziren: itsasbazterreko hondarra baino ugariago ziren eta zaldi eta guda-gurdi asko zuten.

5. Denek bat egin eta Merom izeneko aintzira ondoan ezarri zuten kanpalekua, israeldarrak borrokatzeko asmoz.

6. Jaunak, ordea, esan zion Josueri: «Ez izan horien beldur! Bihar, ordu honetan, hilda utziko ditut israeldarren aurrean; zuk ebaki horien zaldien hanka-zainak eta erre guda-gurdiak».

7. Josuek, bere gudari guztiekin Merom aintzirara joan eta ustekabean eraso zien.

8. Jaunak eskura eman zizkien israeldarrei eta hauek porrokatu eta pertsegitu egin zituzten Sidon hiribururaino eta Misrefot-Maim hiriraino eta, ekialdetik, Mitzpako haraneraino. Denak hil zituzten, bat ere bizirik utzi gabe.

9. Jaunak agindu bezala, hanka-zainak ebaki zizkien Josuek zaldiei eta guda-gurdiak erre.

10. Ondoren, itzuli eta Hatzor hiria hartu zuen Josuek eta bertako erregea ezpataz hil. Hatzor zen aldi hartan inguru haietako erreinuetako hiriburua.

11. Bertan bizi ziren guztiak ezpataz hil eta erabat suntsitu zituen, bat ere bizirik utzi gabe, eta hiriari su eman zion.

Irakurri kapitulu osoa Josue 11