Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 10:23-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. Halaxe egin zuten. Bost erregeak —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongoa— leize-zulotik atera

24. eta Josuerengana eraman zituzten. Josuek israeldar guztiei dei egin eta guduan berarekin ibilitako gudalburuei agindu hau eman zien: «Hurbil zaitezte eta zapaldu errege hauei lepoa». Halaxe egin zuten.

25. Josuek, berriro: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Izan bihotz eta adore, horrelaxe erabiliko baititu Jaunak zuek borrokatuko dituzuen etsai guztiak».

26. Ondoren, Josuek hil egin zituen bost erregeak eta zuhaitz banatatik zintzilik ezarri arratsa arte.

27. Eguzkia sartzean, zuhaitzetatik eraisteko eta gorderik egon ziren leize-zulora botatzeko agindu zuen Josuek. Gero, harri handiak ezarriz, itxi egin zuten leize-ahoa. Han dira oraindik ere harriak.

28. Egun berean, Josuek Makeda hiria hartu zuen. Erabat suntsitu zuten hiria, eta erregea eta bizilagunak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta Makedakoari Jerikoko erregeari egindakoa bera egin zioten.

29. Makedatik Libnara jo zuen Josuek israeldar guztiekin eta eraso egin zion.

30. Eskura eman zien Jaunak israeldarrei hiri hura ere. Erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta erregeari Jerikokoari egindakoa bera egin zioten.

31. Libnatik Lakixera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta eraso egin zion.

32. Jaunak eskura eman zien hiria eta setioaren bigarren egunean hartu zuten; bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Libnan bezala.

33. Horam, Gezerko erregea, Lakixi laguntzera etorri zen; baina Josuek garaitu egin zituen bera eta beraren gudaroste osoa, bat ere bizirik utzi gabe.

34. Lakixetik Eglonera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta

35. egun berean hartu zuen. Bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Lakixen bezala.

36. Eglondik Hebronera jo zuen Josuek israeldar guztiekin, eta eraso egin zion.

37. Hiria hartu eta erabat suntsitu zuten, eta erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil; inguruetako herrixkak ere hartu zituzten eta bizilagunak hil; ez zuten bat ere bizirik utzi, Eglonen bezala.

Irakurri kapitulu osoa Josue 10