Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 10:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Aldi hartan, Adoni-Tzedek zeritzan Jerusalemgo erregeak jakin zuen Josuek Ai hiria hartu eta erabat suntsitu zuela, Ai hiriari eta bertako erregeari, lehen Jerikori eta bertako erregeari egindakoa bera eginez. Jakin zuen, orobat, Gabaongo bizilagunek bake-hitzarmena egin zutela israeldarrekin eta beraiekin elkartu zirela.

2. Hori jakitean, biziki beldurtu zen, hiri handia baitzen Gabaon, errege-hiriburuetako bat bezainbatekoa, Ai baino handiagoa, eta hango gizonak gudari adoretsu baitziren.

3. Adoni-Tzedekek mandatariak bidali zituen Hebrongo errege Hoham, Jarmuteko errege Piram, Lakixeko errege Jafia eta Eglongo errege Debir-engana, esatera:

4. «Zatozkidate laguntzera. Eraso egin behar diogu Gabaon hiriari, Josuerekin eta israeldarrekin bake-hitzarmena egin du eta».

5. Bost errege amortarrok —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongo erregeek— elkarturik, beren gudarosteekin joan, Gabaon inguratu eta eraso egin zioten.

6. Orduan, Gabaongoek mandatariak bidali zizkioten Josueri Gilgaleko kanpalekura, eskari honekin: «Ez gaitzazu utz laguntzarik gabe zeure zerbitzariok. Zatozkigu bizkor salbatzera, lagun iezaguzu, mendialdean bizi diren errege amortar guztiak gure kontra elkartu baitira».

7. Josue, gudaroste osoa, bere gudari adoretsuak, harturik, abiatu egin zen Gilgaldik.

8. Jaunak esan zion: «Ez izan horien beldur, zure menpe utzi baititut. Horietako batek ere ezin izango dizu aurre egin».

9. Gilgaldik atera eta, gau osoan ibili ondoren, ustekabean eraso zien Josuek errege amortarrei.

10. Jaunak ihes eragin zien israeldarren aurretik, eta hauek erabat garaitu zituzten amortarrak Gabaonen. Gero, Bet-Horon aldapako bidean pertsegitu eta Azeka eta Makedaraino porrokatu zituzten.

11. Israeldarrengandik ihesi Bet-Horon aldapan behera zihoazelarik, Jaunak izugarrizko kazkabarra bota zien amortarrei gainera, Azekara heldu ziren arte, eta asko hil ziren. Jende gehiago hil zuen kazkabar-harriak israeldarren ezpatak baino.

12. Jaunak amortarrak israeldarren eskura eman zituen egun hartan, Josuek Jaunari otoitz egin zion, israeldarren aurrean oihukatuz:«Eguzki, geldi Gabaon gainean,eta zu, ilargi,Aialon haran gainean!»

Irakurri kapitulu osoa Josue 10