Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1:60-72 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

60. Oinaztarria, argi egitean, nabarmen ikusten da; haizeak inguru guztian jotzen du;

61. Jainkoak agintzean, hodeiek lur osoa estaltzen dute eta agindutakoa betetzen.

62. Berdin tximistak ere: mendiak eta basoak kiskaltzera goitik bidalia denean, bete egiten du agindutakoa. Idoloak, berriz, ez dira horien guztien pareko, ez itxuraz, ez indarrez.

63. Beraz, ezin pentsa edo esan jainko direla, gizakiei justizia edo ona egiteko ez baitira gauza.

64. «Beraz, jainko ez direla jakinik, ez izan horien beldur!

65. «Ezin dute idoloek erregerik bedeinkatu, ez madarikatu.

66. Ezin diete herriei zeruan ezaugarririk erakutsi, ez eguzkiak bezala distiratu, ezta ilargiak bezala gaua argitu ere.

67. Piztiek beraiek ere idoloek baino gehiago balio dute: badakite behintzat, gordelekura ihes eginez, beren buruak babesten.

68. «Ez dago, beraz, ezer jainko direla frogatzen duenik; ez izan, bada, horien beldur!

69. «Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak meloi-soroko txorimaloak bezala dira: ez dira ezer zaintzeko gauza.

70. Txorien kokaleku den baratzeko elorria bezala dira edota ilunpera jaurtitako gorpuak bezala.

71. Haien jantzietako purpura eta lihoa hondatzen ikustean, jakingo duzue ez direla egiazko jainko. Beraiek ere, azkenean, sitsak jango ditu eta herrialde guztiarentzat lotsagarri izango.

72. «Beraz, hobe da idolorik ez duen gizon zintzoa: ez da inoiz lotsagarri gertatuko».

Irakurri kapitulu osoa Jeremiasen Gt. 1