Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 37:11-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Faraoiaren gudarostea zetorrela eta, babiloniarren gudarosteak Jerusalemdik ihes egin zuenean,

12. Jeremiasek irten egin nahi izan zuen Jerusalemdik Benjaminen herrialdera joateko, beretarrekin herentzi arazo bat garbitzera.

13. Baina Benjaminen atera iritsi zenean, han zegoen Ierias guardiaburua, Xelemiasen seme eta Hananiasen biloba, eta Jeremias profetari alto eman eta esan zion:—Babiloniarrengana igarotzeko asmotan zabiltza zu.

14. Jeremiasek erantzun:—Ez da egia! Nik ez dut horrelako asmorik!Baina ez zion sinetsi eta, preso harturik, funtzionarioengana eraman zuen Jeremias.

15. Haserretu egin ziren hauek Jeremiasen kontra eta, joka erabili ondoren, kartzela bihurtutako Jonatan idazkariaren etxean sartu zuten.

16. Sotoko kalabozora bota zuten eta han egon zen luzaro.

17. Behin batean, Sedekias erregeak jauregira etorrarazi zuen Jeremias, eta honela galdegin zion isilka:—Ba al duzu Jaunaren mezurik?Jeremiasek erantzun zion:—Bai. Babiloniako erregearen eskuetara emango zaituzte.

18. Ondoren, esan zion Jeremiasek:—Zertan huts egin dut zure nahiz zure funtzionarioen edo herriaren kontra, ni kartzelan sartzeko?

19. Non dira orain zuen profetak, Babiloniako erregea zuen eta herrialde honen aurka ez zela etorriko esaten zizutenak?

20. Entzun orain, errege jauna, onartu, arren, nire eskabidea: Ez nazazu eraman berriro Jonatan idazkariaren etxera, bestela han hilko naiz eta.

21. Orduan, Sedekias erregeak Jeremias kartzela-atarian zainpean jartzeko agindu zuen eta egunero opil bat emateko okinen kaletik, hirian ogia ahitu arte. Hala, kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 37