Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 34:3-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Zeu ere ez zara libratuko; harrapatu egingo zaituzte eta menderatzailearen eskuetara emango: Babiloniako erregearekin aurrez aurre topo egin beharko duzu. Gero, Babiloniara eramango zaituzte.

4. Halere, entzun, Sedekias, Judako errege horrek, Jaunak esaten dizun hau ere: Ez zara bortxaz hilko.

5. Bakean hilko zara, intsentsua erreko dute zure ohorez, zure aurreko erregeen hiletetan egin ohi zen bezala. Hileta joko dizute, esanez: “Ai gure Jauna!” Nik, Jaunak, esana».

6. Jeremias profetak mezu hau guztia adierazi zion Judako errege Sedekiasi Jerusalemen.

7. Bitartean, Babiloniako erregearen gudarostea Jerusalemi eta artean Judan tinko irauten zuten bi hiri gotorrei, Lakix eta Azekari, erasotzen ari zen.

8. Jaunak beste behin ere hitz egin zion Jeremiasi. Sedekias erregeak esklaboak askatzeko hitzarmena egin zuen Jerusalemgo jendearekin:

9. nork bere zerbitzuan zituen esklabo hebrearrei, gizonezko nahiz emakumezko, askapena eman behar zien, judatarrik bere senidearen esklabo ez gertatzeko.

10. Handiki eta herri xehe, guztiek eman zuten ontzat hitzarmena eta, hitza betez, nork bere esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, libre utzi zituen, beren artean esklaborik gehiago ez izateko.

11. Baina atzera egin zuten gero, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin zituzten, berriro esklabo-lanetara behartuz.

12. Orduan, honela hitz egin zion Jaunak Jeremiasi:

13. «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Hitzarmen hau egin nuen nik zuen arbasoekin, Egiptotik, esklabotzatik, atera nituenean:

14. “Zazpigarren urtero, zuetariko bakoitzak erositako senide hebrearra libre utziko du. Sei urtez izango da zuen esklabo; gero, libre utziko duzue”. Baina zuen gurasoek ez zidaten aditu, ezta jaramonik egin ere.

15. Zuek, berriz, jokabidez aldatu eta atsegin zaidan erabakia hartu duzue, nork bere senideari askapena emateko erabakia. Eta hitzarmena egin duzue nire aurrean, niri sagaraturiko tenpluan.

16. Baina atzera egin duzue gero, nire izena profanatuz, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin dituzue, berriro esklabo-lanetara behartuz.

17. «Horregatik, honela diot nik, Jaunak: Ez didazue aditu zeuen senide esklaboak libre uzteko agindu dizuedanean. Orain, beraz, neuk uzten ditut libre ezpata, izurria eta gosea, zuen aurka ekiteko. Munduko erresuma guztiak izuturik geldituko dira zuei gertatua ikustean. Hala diot nik, Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 34