Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 34:11-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Baina atzera egin zuten gero, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin zituzten, berriro esklabo-lanetara behartuz.

12. Orduan, honela hitz egin zion Jaunak Jeremiasi:

13. «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Hitzarmen hau egin nuen nik zuen arbasoekin, Egiptotik, esklabotzatik, atera nituenean:

14. “Zazpigarren urtero, zuetariko bakoitzak erositako senide hebrearra libre utziko du. Sei urtez izango da zuen esklabo; gero, libre utziko duzue”. Baina zuen gurasoek ez zidaten aditu, ezta jaramonik egin ere.

15. Zuek, berriz, jokabidez aldatu eta atsegin zaidan erabakia hartu duzue, nork bere senideari askapena emateko erabakia. Eta hitzarmena egin duzue nire aurrean, niri sagaraturiko tenpluan.

16. Baina atzera egin duzue gero, nire izena profanatuz, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin dituzue, berriro esklabo-lanetara behartuz.

17. «Horregatik, honela diot nik, Jaunak: Ez didazue aditu zeuen senide esklaboak libre uzteko agindu dizuedanean. Orain, beraz, neuk uzten ditut libre ezpata, izurria eta gosea, zuen aurka ekiteko. Munduko erresuma guztiak izuturik geldituko dira zuei gertatua ikustean. Hala diot nik, Jaunak.

18-19. «Judako eta Jerusalemgo buruzagiek, errege-jauregiko funtzionarioek, apaizek eta herritarrek hitzarmena egin dute nire aurrean, zekor bat hil, erdibitu eta bi zatien erditik igaroz. Gero, ordea, hautsi egin dute hitzarmena, emandako hitza janez. Horregatik, erditik ebaki zuten zekorra bezala erabiliko ditut.

20. Haiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira.

21. Judako errege Sedekias eta bere funtzionarioak, beraiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, orain hiriari erasotzeari utzi dion Babiloniako erregearen gudarostearen menpe eroriko dira.

22. Hiri honen aurka borrokatzera itzuliko dira nire aginduz, konkistatu egingo dute eta erre. Judako hiriak eremu bihurtuko ditut, bizilagunik gabe utziz. Nik, Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 34