Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 32:28-44 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

28. Bada, hau diot nik, Jaunak: Hiri hau babiloniarren eta Babiloniako errege Nabukodonosorren esku uzten dut, konkista dezaten.

29. Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak.

30. Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak.

31. Hiri honek, egin zutenetik gaurdaino, haserre-sumina piztu dit eta suntsitzea erabaki dut,

32. israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek.

33. Bizkarra eman didate, ez aurpegia. Etengabe irakatsi diedan arren, ez didate aditu eta ez dute zentzatu nahi izan.

34. Beren idolo higuingarriak ipini dituzte niri sagaraturiko etxean, berau profanatuz.

35. Baali kultu-lekua eraiki diote Ben-Hinom haranean, beren seme-alabak Molok jainkoaren ohorez oparitan erretzeko. Nik ez diet horrelakorik sekula agindu, ez zait bururatu ere egin horrelako egintza nazkagarriz Juda bekatura bultzatzerik.

36. «Bada, orain, hala diot nik, Jaunak, Israelgo Jainkoak, guduak, goseak eta izurriak beharturik, Babiloniako erregearen eskuetan erori behar duela diozuen hiri honi buruz:

37. Bildu egingo ditut herritarrak, neure haserre-suminak eta amorru jasanezinak eraginik sakabanatu nituen herrialdeetatik, toki honetara ekarri eta seguru biziaraziko ditut.

38. Nire herri izango dira eta ni haien Jainko.

39. Pentsaera eta jokaera bakarra emango dizkiet, bizitza guztian begirune izan diezadaten, beren eta ondorengoen onerako.

40. Betiko ituna egingo dut beraiekin: ez naiz inoiz aspertuko haiei on egiten, eta nireganako begirunea sartuko diet bihotzean, niregandik urrun ez daitezen.

41. Haiei mesede egitea izango da nire poza; neure gogo eta ahalegin guztiaz tinko landatuko ditut lurralde honetan.

42. Bai, hala diot nik, Jaunak. Herri honi zorigaitz handi hau bidali diodan bezala, hala bidaliko dizkiot agindu dizkiodan on guztiak ere.

43. Oraindik ere alorrak erosiko dira, guztiz hondaturik, gizaki eta abererik gabe eta babiloniarren esku utzia dagoela diozuen lurralde honetan.

44. Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan, mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, alorrak erosi eta ordainduko dira, lekukoen aurrean agiriak idatzi eta zigiluz joko, aldatu egingo baitut herri honen zoria. Nik, Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 32